Arrasate Gabon giroan murgilduko da abenduaren 2an, Gabonetako argiak isiotuta
2021/11/24Abenduaren 2an Gabonak iritsiko dira Arrasatera, Gabonetako argiak isiotuko dira eta. Horren bidez, udalak gabon giroa sortu gura du herriko merkataritzari laguntzeko. Helburua da, beraz, gabon giroan murgiltzea eta herriko saltokien Gabonetako kanpaina sustatzea.
Aurten, gainera, isiotze ekitaldia berreskuratuko da. Iaz ez zen egin, Covid-19aren pandemia dela eta. Ekitaldi hori 19:00etan egingo da, abenduaren 2an, Herriko plazan. Argiok isiotuko dituzte Aspace garuneko paralisiaren elkarteak eta Atzegi adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak. Aspacek 50. urteurrena ospatzen du aurten eta Atzegik 60.ena. Bertan izango dira ere udal ordezkariak eta Goikobalu Txiki abesbatza, zeinak hainbat abesti eskainiko dituen ekitaldia girotzeko.
Gabonetako argiak urtarrilaren 7ra arte egongo dira isiotuta. Guztira 90 egitura jarriko dira herrian zehar. Aurten, berrikuntza eran, 14 metroko zuhaitza ezarriko da Biteri etorbidean, eta hainbat otar argitsu herriko plazetan. Horrez gain, argiteria publikoko farola ugari apainduko dira Garibai etorbidean, udaletxearen fatxada ere apainduko da, eta arkuak ezarriko dira hainbat kaletan: 9 arku Erdiko kalean, 10 arku Iturriotz kalean, 6 Zerkaosteta kalean, 12 arku Olarte kalean, 8 Ferrerias kalean eta 5 arku Maalako Errebalean. 15 zuhaitzetan ere led kordoiak ezarriko dira Iturbide egoitzaren aurreko estantzia gunean eta Portaloian. Apainduko dira ere auzoetako sarrerak eta hainbat zuhaitz.
Ipiniko den argiteria guztia efizientea da, energia kontsumo baxukoa eta jasangarria ingurumenarekin.