Arrasateko eta Elorrioko udalek euren borondatea adierazi dute, N-636 errepidearen trazadura eraberritzeko lanetan, aukerarik egokiena aztertzeko
2024/05/16Landutako lau aukeren kostua 60 eta 155 milioi euroren artean dago, eta laurek lurren mugimendua, desjabetzeak, lurzoru kutsatuak izatea, lurren okupazioak eta ingurumen afekzioak jasotzen dituzte. Ondorioz, bi udalen helburua da aukeratzea kalterik gutxiena eragiten duena eta herritarrentzat egokiena dena.
Aldundiek aukeratu duten proiektu horrek definitu eta baldintzatuko du bi udalerrien arteko, eta Durangaldea eta Debagoiena eskualdeetako datorren menderako mugikortasuna. Beraz, alkateek adierazi bezala, “erabakiak patxadaz eta ahalik eta adostasun handienarekin hartu behar dira. Udalen iritzia ere kontuan hartuta”.
Morrasen hitzetan, bai berak eta baita Elorrioko alkateak ere udaletxeetako ateak irekita dituzte bi aldundietako teknikariekin elkartzeko, azken horiek alternatiben azterlanaren edukiaren berri eman diezaieten, eta ahalik eta modu zehatzenean azaldu ditzaten zeintzuk diren proiektu bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak.
Lazkanok, berriz, adierazi du bi udalak prest daudela alternatiben txostena eta bakoitzak sortu ditzakeen eraginak aztertzeko. “Herritarrentzat egokiena den proiektua aukeratu nahi dugu”, gehitu du.
Kanpazarren egindako adierazpenetan bi alkateek aldundiei eskatu diete ahalik eta adostasun handienarekin hartzea alternatiba egokienaren erabakia. Horretarako, berriro ere berretsi dute lankidetzarako eta elkarlanareko prest daudela.