Arrasate erreferente Europan trantsizio energetikoan eta berriztagarrietan

2023/03/21
Card image cap
Arrasateko Udalak SHREC proiektuaren itxiera ekitaldian hartu du parte martxoaren 20an eta 21ean Bruselan.

Arrasateko Udalak SHREC proiektuaren itxiera ekitaldian hartu du parte martxoaren 20an eta 21ean Bruselan. 2019. urtearen amaieran, SHREC – SHifting toward Renewable Energy for transition to low Carbon energy - izeneko proiektu europarrean parte hartzeko hautatu zuten Arrasate. Proiektu hori Interreg Europe programaren barruan garatu da, eta karbono monoxido baxuko eredu energetikorako trantsizioa bultzatzen du. Programa amaierara heldu da 4 urteren ostean, baina jarraipena izango du eta Arrasate parte izango da.

Itxiera ekitaldian Maria Ubarretxena alkateak eta Edurne Unamuno eta Aritz Murua zinegotziek hartu dute parte Arrasateren ordezkaritzan. Arrasateko delegazioak, Izaskun Bilbao Europarlamentariarekin batera, aukera izan du Bruselan Europar Parlamentua bisitatzeko.

Arrasatez gain, SHREC proiektua Europako beste 7 erakundek osatzen dute: 3 unibertsitate – Lituaniako Vilnius Gediminas Unibertsitatea, Herbehereetako Zientzia Aplikatuen Hanze Unibertsitatea eta Suediako Mid Sweeden Unibertsitatea –  Gobernu mailako 3 energia agentzia – Eslovakiako berrikuntza eta energia agentzia, Frantziako Auvergne Rhone-Alpeen ingurumen- eta energia-agentzia eta Errumaniako Munteniako iparraldeko eskualdeko garapen agentzia – eta eskualdeko gobernu bat – Italiako Piamonte eskualdea.

Arrasateko Udalak, Suediarrekin batera, tarte berezia izan du kongresuan eta Ubarretxena alkateak trantsizio energetikoaren bueltan herrian landutako proiektuak aurkeztu dizkie gainerako partaideei. Besteak beste, 3 praktika on identifikatu eta partekatu dira proiektuko kideekin: Energia Fotovoltaikoa Arrasateko Etxebizitzetan, eguzki energia ordenantzaren aldaketa eta ordenantza fiskalen eguneraketa energia berriztagarrien zabalpena sustatzeko. Horrez gain, Arrasate Leintz-Gatzaga Ekiola energia kooperatibaren sustatzaileetako bat izanik, proiektuaren sozializazioa egiten ari da SHREC ekimenaren barruan.

“Arrasate erreferente da energia trantsizioan eta CO2 isurpen murritzeko ereduak garatzen Europan. Eta ez diogu guk, SHREC proiektu europarrak nabarmendu du herrialde aurreratuenetako bat garela gure eredu energetikoaren birmoldatze berdean” nabarmendu du Ubarretxenak.

Alkatearen iritziz, SHREC proiektua oso proiektu “garrantzitsua” izan da Arrasaterentzat: “Europako programa honen bidez, energia berriztagarrien erabilera eta ekoizpena sustatu nahi izan ditugu, bai industrietan, garraioetan eta etxebizitzetan, CO2 emisioak murrizteko, eta, horretarako, karbono gutxiko eredu bati bide emateko, hobari fiskalei ekinez, eta energia berriztagarriak sustatzeko, laguntza programa berriak sortuz. Horretarako ezinbestekoa izan da beste herri batzuetako praktika onak eta esperientziak aztertzea (Suedia edo Herbehereak, kasu, energia trantsizioan aurreratuen dauden herrialdeetako batzuk eta eredu) eta gurera ekartzea”.

“Ikusi dugu, bereziki azken urte honetan, energia eredu berri bat beharrezkoa dugula, inoiz baino gehiago, ez hemen soilik, Europan eta mundu osoan. Eta Arrasate erabaki eremuan aurkitzen da –berretsi du Ubarretxenak-; parte aktibo gara Europaren trantsizio energetikoan. Gure ibilbideak abalatzen gaitu eta oraina zein etorkizuna transformazio berdearen aterkipean garatuko da alor zein proiektu orotan gure herrian ere”.

Arrasateko alkatearen iritziz, “asko dago egiteko, baina bide onean gaude, etenik gabe aurrera eginez, ausardiaz. NBEk ohartarazi zuen klima aldaketa izango dela gizateriaren mehatxurik handiena epe luzera, eta, horren jakitun, Arrasaten helburu argiak dituen ibilbide orri bat ezarria dugu, eta SHREC oso baliagarria izan da. Gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena muturreko gertaera meteorologikoetatik eta etorkizuneko pandemietatik babesten lagunduko duten ekosistema osasuntsuen kontserbazioaren mende daude eta bidea bakarra da: energia trantsizioa. Gizarte hobe baten gakoa. Prest gaude eta lanean ari gara” baieztau du Maria Ubarretxenak.