Arrasate Dragoi Gimnasia taldeak eguberrietako argiteria piztuko du Gabonetako egitarauari hasiera emanez

2018/11/30
Card image cap
Abenduaren 5ean Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeak piztuko ditu kaleko argi-apaingarriak eta aurten ere izotz pista ezarriko da Biteri plazan herriko haur, gazte zein helduentzat

Eguberriak heltzear dira eta urtero bezala Gabonetako argiak pizteko garaia iritsi da. Aurten, abenduaren 5ean piztuko dituzte argiak Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko kideek. Argien piztuera ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da herriko plazan eta Goikobalu Txikik girotuko du ospakizuna bere abestiekin. Arrasatear guztiei ekitaldiaz gozatzeko deialdia luzatu die Arrasateko Udalak eta bereziki haur guztiak animatu ditu Goikobalu Txikirekin batera abestera.

Gabonetako argiak Alde Zaharrean, Garibai etorbidean (Biteriko bidegurutzea eta Iturbide artean, eta Iturbide aurreko zuhaitzetan), Udaletxeko fatxadan eta auzoetako sarreretan jarriko dira. Alde Zaharreko argiak, Garibai etorbidekoak eta Udaletxeko fatxadakoak, "Ximenez Catalunya, SL" enpresak jarri ditu eta auzoetako sarreretakoak, aldiz, udal lantaldeak.

"Ximenez Catalunya, SL"k egingo dituen lanak urte baterako esleitu dira, beste urte betez luzatzeko aukerarekin, 24.051,78 eurotan Alde Zaharra eta Udaletxeko fatxada eta beste 2.286,90 eurotan Garibai etorbidea. Garibaiko argiteriaren kostuan BBVAk egin du ekarpena posible izan dadin. Aurtengo argiterian izango ditugun berrikuntza nabarmenenak Portaloi inguruan eta Iturbide aurreko zuhaitzetan jarriko diren argiak izango dira, baita Garibai etorbidekoak ere. Gainera, Udaletxeko fatxadako argiteria ere indartuko da.

Izotz pista Biteri Plazan

Bestalde, festa giroaz gozatzen jarraitzeko, dagoeneko Arrasateko Gabon garaiko paisaiaren parte bihurtu den 280m2ko Gabonetako Patinaje Pista jarriko du Udalak, berriz ere, Biteri plazan. Izotz pista abenduaren 23ko arratsaldean zabalduko da eta urtarrilaren 6a bitarte egongo da zabalik. Herritar orok izango du bertan gozatzeko aukera, haur, gazte, nahiz helduak, eta prezioak joan den urteko berak izango dira, hau da, adin txikikoen sarrera ordu erdiko euro bat eta helduena 2 euro. Patinatzeko pista alokatzeko esleipen berria egin du aurten Udalak eta “N-ICE SKATING S.L.U.” Kataluniako enpresari esleitu zaio 27.709 eurotan, aurreko kontratua baino 3.751 euro merkeago. Aurrezki honek pistaren ingurunean hobekuntzak egiteko aukera emango du. Datozen egunetan pistan lan egiteko beharko diren hiru langile kontratatzeko deialdia abiaraziko du Udalak.”

Ekimen horien bitartez, Arrasate eta Arrasatearrak festa giroan murgiltzea du helburu Udalak. Izan ere, Arrasate behar bezala girotzeak eta herriko kaleak jai giroaren murgiltzeak, herriko bizitza indartzen dutela eta kaleak elkargune eta baita erosketetarako gune bilakatzen dituztela uste du Udalak. Kale argiztapenak eta kaleetako giroak herriko saltoki eta tabernetan eragin zuzena izan dezake Udalaren iritziz. Horregatik, tokiko merkataritzaren aldeko apustuan,  dei egiten die arrasatearrei Eguberrietako erosketak herrian bertan egin ditzaten, guztien artean, Arrasateko saltokiak babestuz eta indartuz.