Arrasateko udalak eskerrak eman ditu jaso berri duen hiri justua ziurtagiriarengatik

2016/05/11
Card image cap
Titulu honen bitartez, Arrasate, Bidezko Merkataritzaren aldeko Gipuzkoako hirugarren herria eta autonomia erkidegoko bosgarrena izan da. Ildo honetatik, Udalak adierazi du, Bidezko Merkataritzan oinarrituta, Arrasate justuago eta solidarioago bat eraikitze aldera lan egiten jarraituko duela, herritarren artean kontsumo kontziente eta arduratsua sustatuz.

Aste honetan ospatu berri den Bidezko Merkataritzaren nazioarteko egunaren harira, joan den asteartean, Arrasatek, Hiri Justua titulua jaso du, Bidezko Merkataritzaren baldintza eta oinarri guztiak betetzeagatik eta hau udalerrian sustatze eta indartze aldera egindako lanagatik.

Ziurtagiri honek Arrasateko herriari aitortzen dio Udalak zein herriko elkarteek, erosketa etikoaren eta bidezko merkataritzaren alde erakutsi duten konpromisoa. Honekin batera, titulu honek aintzat hartzen ditu, bidezko merkataritzako produktuen erosketa eta kontsumoa sustatze aldera Arrasaten eman diren urratsak, baita merkataritza sistema honen kontsumo ohiturak herritarren artean indartzeko egin den lana ere. Ziurtagiri honekin, Arrasate, Hiri Justua izena jasotzen duen Gipuzkoako hirugarren herria eta autonomia erkidegoko bosgarrena bilakatu da, Donostia, Bilbo, Getxo eta Legazpirekin batera.

Ildo honetatik, Udala pozik agertu da eta lortutako errekonozimendua eskertzeaz gain, herriko elkarte, eragile eta merkatari ezberdinek, Bidezko Merkataritzaren alde egiten duten apustua nabarmendu eta eskertu ditu.  Era berean, asteartean, egun honen ospakizunaren harira antolatutako ekintzek herritarren artean izandako harrera ona eta Bidezko Merkataritzaren inguruan arrasatearrek erakutsi duten jakinmina eta interesa azpimarratu ditu. Honen harira, udaletik adierazi dute, helburu dutela, orain arte bezala,  Bidezko Merkataritzaren aldeko urratsak ematen jarraitzea, herrian eta herritarren artean sentsibilizazio kanpainak bultzatuz eta ekimen eta ekintza ezberdinen bitartez, produktu hauen erosketa eta kontsumoa indartuz, etorkizunera begira, arrasatearren laguntza eta inplikazioarekin batera, udalerri justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko. 

Gaur bertan, hitzaldi-kata bat egongo da kakaoaren inguruan Kulturaten, 18:30etan.