Arbolapetako haritza zuhaitz egunean landatuko da

2015/02/17
Card image cap
Datorren zapatuan, otsailak 21, landatuko da haritz gaztea Arbolapetan, eguerdiko 13:00etan. Bihar, asteazkena, hasiko dira prestaketa lanak

Arrasatearrek hala erabakirik, Arbolapetan haritz gazte bat landatuko dugu, joan zen urrian bota zen gaztainondoa ordezkatzeko.  QUERCUS ROBUR da bere izen zientifikoa, 30/35 zentimetroko perimetroa du (zuhaitzaren buelta) eta  9,5-11 cm bitarteko diametroa. Altueran, berriz, 3-4 metro da.

Zapatuan 13:00etan

Aurtengo zuhaitz eguna borobiltzeko, eguerdian landatuko da haritz gaztea arbolapetan. Lehendabizi, Mietzerrekan zuhaitz landaketan parte hartzeko aukera izango da eta Seber Altuben bisitatzeko zuhaitz feria eta baserritarren azoka.

Arbolapeta inguru guztia itxiko da zuhaitza landatzeko lanak ganoraz egin ahal izateko eta arrasatearrek landaketa arazo barik ikusi ahal dezaten. Haritza besodun kamioi batean ekarriko da Akeitik. Izan ere, aurreikusten da zuhaitza gaur eta ostegun bitartean helduko dela Arrasatera, eta Akein egongo da prest zapatuan Arbolapetara ekartzeko.

Bihar eta etzi aurrelanak

Haritza landatu aurretik, baina, gaztainondo zaharraren ipurdia kendu behar da lehendabizi. Lanok pentsa ahal dena baino konplexutasun handiagoa dute: Ezertan hasi baino lehen, lan eremuaren perimetroa itxiko dute eta materialak biltzeko guneak zehaztu. Ostean, oraingo txorkoa zuzenean inguratzen duten harlauzak kenduko dira, eta txorkoa estaltzen duen burdin sarea ere kendu egingo da.

Harlauzak kendu eta gero, zoladuran hutsune zirkular bat izango da, 4,2 metrokoa. Leku zirkular horretan zuhaitz ipurdia kentzeko lanak egingo dira. Seguruenik, zuhaitz ipurdia zatitu egin beharko da handik kentzeko.

Lanok guztiok egiten bihar (otsailak 18) hasiko da Excavaciones Arrasate eta, horretarako, Arbolapeta ingurua itxiko da 08:00ak inguruan, zuhaitzaren inguruko harlauzak kentzen hasteko.

Haritza landatzeko lanak

Ostean, zuhaitz berria landatu ahal izateko, zanga irekiko da.  Gutxi gorabehera zuloguneak 4,20 x 1,20 metroko dimentsio zilindrikoa izango du eta 17 m3-ko bolumena izango du. Lurzoru berriko materiala botako da bertan, gero zuhaitza landatzeko. Materiala asteazken edo ostegunean prestatuko da zapaturako.

Betelana hasiko da zulogunearen sakoneran, betelaneko materialaren geruza batekin (aurretik prestatua), 20 cm-ko lodiera duena. Landarearen sustrai-lurra betelaneko material geruza horren gainean jarriko da. Zulogunearen erdi-erdian jarriko da landarea, zoladurako harlauzak jarri ostean landarea zentroan egon dadin.

Landarea jarri eta gero, zulogunearen bolumen osoa beteko da geruzaz geruza, ondo trinkotuz geruza bakoitza. Ostean, azaleko harlauzak jartzeko, altura bateraino beteko da zulogunea, hormigoi oinarri egokia izan dezan. Eta, azkenik, jatorrizko zoladurako harlauzak eta haritzaren metalezko babesa jarriko dira.