Arbolapetako gaztainondoa bota egin beharko da

2014/10/16
Card image cap

Hainbat urtetan zuhaitza mantentzeko neurriak hartzen aritu ostean, aurten bota egin beharko da, herritarren segurtasuna zaintzeko.

 Udalak etengabe egiten du inbentarioan jasota dauzkan zuhaitzen egoeraren jarraipena. Halaber, urtero hartzen ditu neurriak biztanleen segurtasuna zaintzeko asmoz, udazken amaiera- negu hasieran.

 Beraz, aurten San Josepen bost zuhaitz botako dituzte eta Arrasate Pasealekuan beste zazpi. Honez gain, Zaldibarren prestaketa lanak egingo dira etorkizunean zuhaitz batzuk kendu eta berriak landatzeko. Eta, azkenik, Arbolapetako gaztainondoa bota beharko da.

 Haustura arriskua

 Hainbat urtetan neurriak hartu dira gaztainondo kuttuna mantentzeko, baina urtetik urtera bere egoerak txarrera egin du eta aurten ez da izango beste biderik: halabeharrez, bota egin beharko da.

 Duela zazpi urte, 2007ko ekainean hasi zen gaztainondoa bere egoera kaxkarraren zantzuak ematen:  Bi  adar handi jausi egin zitzaizkion, etxearen fatxada aldera, arropa-esekitoki bat eta banku bat apurtuz.

Ekaina hartan bertan, Gabriel Iguiñiz Agestari eskatu zitzaion txosten bat. Txosten horrek adierazi zuen  presako kopako murriztapena egin behar zela zuhaitza orekatzeko eta gero jarraipenak. Izan ere, espero zen adar berriak irtengo zirela eta denboraz hausturek sortutako zuloa betez joango zela.

Harrez geroztik  ikuskapenak eta zuhaitzaren koparen oreka mantentzeko urteroko inausketak egiten dira.

Hala ere, gaztainondoaren egoerak txarrera egiten jarraitu du. Esaterako, “Antracnosis” onddoaren eraginez, urtero hosto guztiak lehortzen zaizkio, ekaina- uztaila ingurutik aurrera.  2010eko irailean, berriz, tamaina ertaineko adar bat jausi zitzaion eta gaur egun zuhaitzak 3 adar handi ditu. Esan, aurten adar horietako bat ez dela atera (lehorra dagoen seinale) eta, horren ondorioz, laster usteltze prozesua hasiko da, haustura eta jaitsiera arriskua ekarriz.

Indiar-gaztainondoaren gaurko egoera ikusirik, halabeharrez hartu da orain arte saihestu gura izan den erabakia: zuhaitz osoa moztuko da ahal bezain pronto.