Aprendices eraikina birgaitzeko proiektuaren idazketa lizitariora atera du udalak
2016/03/18Dagoeneko martxan dagoa “Aprendices” eraikina eraberritzeko proiektuaren idazketa lanen lizitazio prozesua. Udaletxeak prestatutako baldintza pleguaren arabera, enpresa lizitatzaileek sei hilabete eta erdi izango dituzte beren proposamenak landu eta aurkezteko. Idazketa lan honen esleipenerako 179.999,60 €ko gehiengo aurrekontua ezarri du Udalak. “Aprendices” eraikinaren eraberritze lanen ostean, Arrasateko Musika Eskolaren egoitza bilakatuko da eta Arrasate Musikalek eta Goikobalu abesbatzak bertan gauzatu ahal izango dituzte beren musika saio, entsegu zein emanaldiak.
Eraikin honen eraberritzea, Erlojuaren eraikinaren proiektuarekin batera, legealdi osoan zehar aurrera eramango den ekimen garrantzitsuenetarikoa da. Kulturaren aldeko apustu sendoa egin du udalak, eta horregatik, estrategikotzat jo du proiektu hau eta honen exekuzioa. Hori dela eta, urtarrila eta otsaila bitartean, Kulturola egitasmoaren baitan, gobernua herriko 17 kultur eragileekin bildu da eta beren iritzi, proposamen, iradokizun eta beharrak gertutik ezagutu ditu. Izan ere, udalak kultur eragileen inplikazio eta parte hartzea sustatu nahi ditu, prozesu osoan zehar modu aktiboan parte har dezaten.
Udal gobernuak garrantzi handiko kultur eremua sortu nahi du Aprendices eta Erlojuaren eraikinaren baitan, herriko kultur jarduerak eta elkarteak bertan kokatuz. Horiek horrela eta kultura izanik gobernuaren ardatz nagusienetako bat, udala urratsak ematen ari da etengabe proiektu honen inguruan; prozesu honekin, etorkizunean, herrian zein bailara mailan garrantzitsua izango den kultur gunea sortzea eta herritarrei, kultur eragileei baita kanpotik datozenei ere kultur alorrean aukera berriak eskaintzea baitu helburu Udal gobernuak.
Azkenik, udaletik aurreratu dute, lizitazio epeak amaitu eta esleipena egin ondoren, kultur eragileekin zein herritar guztiekin informazio hori partekatu eta prozesu honen baitan udalak emango dituen urratsen berri emango dela.
Makatzena auzoa
Era berean, Udalak azaldu martxan jarri duela Makatzena auzoko frontoia, jolas parkea eta inguruko urbanizazioa berritzeko obren idazketa lanen esleipen prozesua. Lehiaketara aurkezten diren enpresek 5 hilabete izango dituzte beren proposamenak landu eta aurkezteko eta lanek, gehienez ere 32.670 € aurrekontua izango dute.