Antoniñako istingan 220 arbola landatuko dira urtarrilaren 18ko Zuhaitz Eguna baliatuz

2020/01/09
Card image cap
Bertan, paisaia lehen-eratze aldera, hezeguneetako espezieak landatuko dira: 50 haltz eta 170 sahats. Hitzordua 10:00etan ezarri da Musakolako Institutuko goiko eraikinean

Urtarrilaren 18a Zuhaitz Eguna da, eta Arrasateko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, hainbat ekintza antolatu ditu; hala nola, zuhaitz azoka, landaketa edota hitzaldi bat.

Egunean bertan, ohi bezala, herritarrekin batera 220 zuhaitz landatuko dira. Aurten, Antoniñako istinga izango da kokaleku. Musakola auzoan dago, Anporreta mendira igotzeko hasieran. Bertan daude mineral garbitokiaren aztarnak. XX. mende hasieran burdin minerala atera eta garraiatzen zen aireko kable bidez Udaletxeko meategietatik Antoniñako garbitokiraino. Han Antoniña errekako urari esker garbitu eta sailkatu egiten zuten, eta gero garraiatu Bergarako labe garaietaraino. Lan hau iraun zuen aurreko mendeko 40. hamarkadara arte. Garbitokiko  presaren hormak, eta goiko baserrietara igotzeko errepideak ,sortu dute istinga artifizial bat.  Bertan, paisaia lehen-eratze aldera, hezeguneetako espezieak landatuko dira: 50 haltz eta  170 sahats. Hitzordua 10:00etan ezarri da Musakolako  Institutuko goiko eraikinean. Landaketa ondoren hamaiketakoa eskainiko da. Udaletik gomendatu dute gomazko botak eramatea.

Aurretiaz, Arrasateko Udalak, bertan hainbat lan egin ditu eremua berreskuratze aldera 2019an: istingaren ur maila mantentzeko egin dira presa txikiak enborrak erabilita; eraiki dira egurrezko pasabideak istingaren gainetik paseatzeko; eta inguruan dauden espezie inbaditzaileak kendu dira: Fallopia sp, Buddleja sp, Prunus laurocerasus… Hain zuzen, azken honi jarraipena emango zaio datorren Zuhaitz Egunean ere, herritarren laguntzarekin Cyperus eragrostis landare inbaditzaileak aterako baitira.

Azkeneko urteetan hainbat Zuhaitz Egun ospatu dira eta horri esker ehunka  lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio  eta Antoniñako herri lurretan. Gainera azkeneko bi urteetan ez da egin landaketa arrunta, ez dira landatu zuhaitzak lursail garbi batean, baizik eta basoaren barruan, Hidalgobasoko hariztiaren barruan. Guztira 400 zuhaixka inguru landatu dira epe honetan.  

 

VII. Zuhaitz Azoka

Bestetik, Baserriko produktuen azokan ere ospatuko da Zuhaitz Eguna, VII. Zuhaitz Azoka berezia eginez. 8:00etatik 14:00etara izango da Seber Altube Plazan. Guztira 6 mintegi izango dira bertan:

 

Mintegia

Espezieak

Enkarguak

Areitio - Zaldibartik

Fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategietakoak

608879352

Artadi – Igorretik

Basoko landare autoktonoak

680937875

Belar – Zaldibartik

Fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategietakoak

629484151

Lurberry - Zarauztik

Basoko fruitu txikiak, ekologikoak

657719685

Udalatx - Arrasatetik

Basoko fruitu txikiak, ekologikoak

690610822

Zubialde

Beintza-Labaienetik

Bertako Sagarrondoak. Antzinako  barietateak, gure inguruari egokituak

646635524

 

‘Klima larrialdia eta basoen ekarpena’ hitzaldia hilaren 22an

Zuhaitz Egunari jarraiki, hilaren 22an, ‘Klima larrialdia eta basoen ekarpena’ izenburupeko hitzaldia eskainiko du Garazi Auzmendi Arkarazo komunikatzaileak. Arratsaldeko 18:30ean izango da  Kulturateko Areto Nagusian. Komunikatzaileak azaldu duenez helburu du basoek klima larrialdiari aurre egiteko duten potentziala ezagutaraztea eta baso ekosistemak naturalizatzearen onurez jabetzea, basoen kudeaketaren inguruan iritzi kritikoa sustatuz.