Antena parabolikoak ezin dira jarri balkoi eta fatxadetan

2015/02/16
Card image cap
Arrasateko Udalak gogorarazi nahi die herritarrei antena parabolikoak jarri daitezkeela soilik eraikinen estalkietan, eta ez balkoi eta fatxadetan.

Azkenengo urteetan ugaldu egin dira Arrasateko balkoi eta fatxadetan jarritako antena parabolikoak. Horren aurrean Udalak gogorarazi nahi die herritarrei jarduketa horiek indarrean dagoen araudiaren aurka doazela.

Telekomunikazioen legediaren eta hiri antolamenduaren plan orokorraren arabera, antena parabolikoak jar daitezke, bakarrik, eraikinen estalki edo teilatuetan. Gainera, komunitate osoarentzako izango da antena hori eta, beraz, ezingo du bizilagun bakoitzak bere antena jarri.

Horretaz guztiaz gain, antena parabolikoa jartzeko udal baimena eskatu beharko dute interesatuek. Horrela jokatu ezean, jarduketa hori, antena udal baimenik gabe jartzea, alegia, hirigintza arau-haustea izango da eta Udalak dagokion espediente zehatzailea ireki beharko du dagokion erantzukizuna zehazteko.

Hortaz, Udalak dei egiten die herritarrei antenak jarri aurretik udal baimena eska dezaten eta, era berean, ez dezaten balkoi eta leihoetan antenarik jarri.