Arrasateko Udalak eta herriko hainbat eragilek hilabeteko egitaraua antolatu dute, aniztasunarekiko errespetuan, tolerantzian eta aukera berdintasunean sakontzeko

2022/05/11
Card image cap
Herritarrek aukeran izango dute ekintza sorta zabala maiatzaren 17tik ekainaren 8ra.

Azken urteetan, Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko egunaren bueltan, ekintza ugari antolatu izan dute udalak eta herriko hainbat elkartek elkarlanean. 2022an, bestelako elkarteak eta taldeak gonbidatu dituzte parte hartzera, guztion artean eta lankidetzan, aniztasunaren inguruan hausnartu eta ekintzak bultzatzeko. Aurten, aniztasun kulturala bestelako aniztasun moten ikuspuntutik landu gura izan da, hala nola genero aniztasuna, aniztasun sexuala eta aniztasun funtzionala. Hori oinarri osatu da ‘Aniztasunaren Astea’.

Elkarte, zerbitzu edo erakunde hauek parte hartu dute: Gurutze Gorria, SOS Arrazakeria, IMME, AMS, EKIN, Txatxilipurdi, Morbor, Sexologia Zerbitzua, Amerika Elkartea, Goyeneche Fundazioa eta Arrasateko Udala.

Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak nabarmendu du “aukera berdintasuna bultzatzea erronka komunitarioa da, eta horrek eskatzen du gizarte inklusiboa sortzeko konpromisoa duten pertsonen, erakundeen eta elkarteen lan kolektiboa. Kolektibo edo talde jakin batzuei eragiten dien egoera jorratuko dugu, pertsona guztiak eta gizarte osoa hartzen dituen errealitatetik abiatuta”.

Berretsi du Aniztasun Astearekin “gizarte anitzeko hainbat errealitate ezagutarazi eta hausnarketa sortarazi gura dugu: zailtasun eta oztopo handienak dituzten pertsonak edo taldeak ikusaraztea, diskriminazio egoerak identifikatzea, eta aukera berdintasunaren alde eta diskriminazioaren aurka jokatzea. Oinarrian, desberdinak izateko eskubidea aitortzea, eta horretan, aniztasunarekiko errespetuan eta tolerantzian, sentsibilizatzea herritarrak”.

Hauxe da egitaraua:

  • Maiatzaren 17an, Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzuak “Sexualitateaz gehiago ikasi beste kulturak entzunez” izeneko solasaldia emango du Kulturaten, Jokin Zaitegi gelan, 18:00etan.
  • Maiatzaren 19an, 18:00etan, Jokin Zaitegi gelan ere Goyeneche fundazioko lagunek “La tortuga Marian” ipuina kontatuko digute, Down sindromeari buruzko ipuina. Egitasmo honetan, ahalbidetzen dugu bestelako hizkuntzek presentzia izatea, eta oraingo honetan ipuina zeinu hizkuntzan ere kontuko digute Pertsona Gorren Elkarteen Euskal  Federaziokoek.
  • Maiatzaren 20an, horma irudi bat margotuko da Erguin kalearen hasieran (Ikerreko errotonda). Aurretik, gaztetxokoetako gazteekin batera hausnarketa egingo da aniztasunaren eta elkarbizitzaren inguruan, eta hausnarketa horretatik irtengo da zer horma irudi margotu. Muralgilea Joana Mancisidor izango da, margotzera animatzen diren gazteekin batera. 18:00etan elkarbizitzaren eta aniztasunaren alde elkarretaratzea egingo da bertan.
  • Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren nazioarteko eguna ospatzen da. Seber Altube plazan poesia errezitala, musika eta folklore latinoaren ikuskizuna eta pintxo latinoen dastaketa egongo da Amerika Elkartearen eskutik.
  • Maiatzaren 23an, 18:30ean, Ekin Emakumeak elkarteak grabatutako dokumentala eskainiko da Kulturaten: “IKRAM: Emakume bat, istorio bat, eredu bat”.
  • Maiatzaren 24an, 18:00etan, “Gazte migranteen integrazioa” hitzaldia eskainiko du Arkaitz Fullaondok (Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokia) Kulturaten.
  • Azkenik, ekainaren 8an, 18:00etan “El tren de la memoria” zine foruma egongo da Kulturaten, Gurutze Gorriaren eskutik.