Ane Zabala eta Ointxe! saskibaloi klubeko senior mailako emakumezkoen taldeak jaso dute kirolari eta kirol talde onenaren saria

2024/06/20
Card image cap

Arrasateko Udalak herriko kirolari eta kirol talde onenen lana aitortu du Kulturolan egin den sari banaketa ekitaldian. Izendatuen artean izan dira urrezko dominak eskuratu dituztenak, kategoriaz igo direnak, lasterketak irabazi dituztenak, lesio gogorretik errekuperatu direnak eta borrokan jarraitu dutenak. Horiek guztiak egindako lana saritu dute udalak eta herritarrek, kirolari onenaren eta kirol talde onenaren aldeko botoa emanda. Bestetik, udalak aitortza berezia egin dio Jose Ignazio Elorza Josheri, iazko abenduan zendua.


Arrasateko atletismoak izan duen sustatzaileetako bat izan da Elorza. 1969tik egonda da atletismora lotuta: herriko atleta izan zen, luzera jauzian hirukoitzean eta abiadurako lasterketan. Baita entrenatzaile eta zuzendari Juventud Deportiva Mondragon klubean ere. Nolabait, beti egon da atletismoari lotuta, bai zuzendaritzan, idazkaritzan, eta beste hainbat kargutan, eta 44 urteanzehar Santamas kroseko antolaketa taldean egon da. Gaur egungo Arrasate Atletiko Klubaren sortzailea izan zen, eta hango presidentea 1987 eta 1992 urteren artean.


Beraz, horregatik guztiagatik Jose Ignazio Elorza Joshe-ri eskaini dio Arrasteko Udalak errekonozimendu eta aitortza. Maider Morras Arrasateko alkatearen eskutik jaso dute oroigarria etxekoek: Garbiñe Heriz Velasco, emaztea, Iker Elorza Heriz, semea eta Izadi Elorza San Vicente, iloba. Iker Elorzak hartu du hitza: “Aita hemen egongo balitz harro egongo litzateke, eta halaxe gaude gu ere, aitaz harro. Eskerrik asko denoi familiaren partez”.


Kirolari onenaren saria eta kirol talde onenaren saria banatu egin dira aurten. Hori izan da sari banaketa ekitaldiko berrikuntza nagusia. Izan ere, taldeek beti izan dute gaitasuna boto gehiago jasotzeko edo mobilizatzeko. Hori saihesteko, udalak talderik onenak multzo batean jarri ditu, eta kirolaririk onenak beste multzo batean.


Arrasateko Udalak hauek izendatu ditu kirolari onenaren saria eskuratzeko: Ane Zabala, Iñigo Alzola, Ander Murua, Yaman Mjahed, Unai Axpe, Maialen Gallardo, Jare Urrutia, Jokin Hurtado eta Malen Ruiz de Azua.


Guztira 967 boto jaso dira, eta boto totalaren %20 jasota, Ane Zabala lasterkariak irabazi du kirolari onenaren saria. Eva Abuinen eskutik jaso du oroigarria. Zehazki, Hiru Handiak distantzia luzeko lasterketa irabazi du. Zabalak debuta egin zuen lasterketa horretan, eta 14.30.02-ko denbora eginda iritsi zen helmugara. Arrasate-Udalatx eta Ahuntzen lasterketako irabazleak erakutsi du distantzia luzetara ere bikain moldatzen dela. “Beldurrik gabe joan nintzen lasterketara eta zorionez gauzak ondo irten zitzaizkidan, erritmoa zaintzen joan nintzen eta zorionez lasterketa irabazi ahal izan nuen. Orain, uztailean izango den G2H proba dut begiz jota”.


Kirol talde onenaren saria jasotzeko izendatuak, berriz, hauek izan dira: Saioa Karate Kluba, Dragoi Gimnasia Taldea, Mondrate, Arrasate Atletiko Taldea, Ointxe! saskibaloi klubeko senior mailako emakumezkoen taldea eta Mondragon CF.


Guztira ia 1.000 boto jaso dira kategoria honetan eta lehenengo bi sailkatuek pareko jaso dute herritarren aldetik boto kopurua. Bada, guztira 282 botorekin, Ointxe! saskibaloi klubeko senior mailako emakumezkoen taldeak eskuratu du kirol talde onenaren saria. Mikel San Miguel Arrasateko Udaleko kirol zinegotziaren eskutik jaso du.


Ointxe!-ko neskek Granadan jokatu zuten maiatzean Liga Femenina 2 mailara igotzeko igoera fasea. Granada mas Baloncestori eta Zaragozar Stadium Casablancari irabazita lortu zuten txartela. Eta, hor etorri da arratsaldeko primizia, izan ere, Ointxek! gaur zuen mailaz igoko diren ala ez erabakitzeko azken eguna, eta klubeko zuzendari Oihane Agirrek aitortu du jendaurrean baietz, mailaz igotzea erabaki dutela.


Hala, aurten ere, Arrasateko kirol taldeek eta kirolariek bat egin dute Arrasate Kirol Sarietan. Kirola protagonista izan den ekitaldia Julene Madiavilla eta Unai Agirrre musikariek girotu dute.