Amiantoaren udal inbentarioa egiten hasi da Arrasateko Udala

2024/11/25
Card image cap
Argazkia Selim Arda Eryilmaz - Unsplash
Amiantoaren mapa osatuko da eta honi lotutako ekintza plan bat. Azterketa hauek 6 hilabeteko iraupena izango dute.

Arrasateko Udalak amiantoaren udal inbentarioa egingo du datozen hilabeteetan zehar. Azterketa lan hauek “herritarren osasun prebentzio” lanen barruan kokatu ditu Udalak, izan ere, amiantoa osasunarentzat oso kaltegarria da, minbizia eragiten duela frogatu baita. 2022an onartu zen legeak, udalerriei amiantoa duten eraikin eta kokaleku guztien errolda egitea behartzen die.

Eraikinen mapa interaktiboa eta ekintza plana

Azterketa honen bitartez, amiantoa daukaten eraikinen mapa interaktibo bat egin nahi da. Modu honetan, interbentzioak egin baino lehen, Udala jakitun izango da amiantoaren arriskuaz. Datu hauek, gainera, EAEko datu-base batean sartuko dira, errolda bateratu batean erasandako eraikinak identifikatzeko.

Azken txostenean, gainera, amiantoaren errolda osoa jasotzeaz gain, egutegi bati lotutako ekintza plan bat ere jasoko da.

Analisia faseka

Hasierako maila batean, eraikinen azterketa historikoa egingo da. Horretarako Udaleko artxiboan jasotako informazioa aztertuko da, eraikinen inguruko proiektuak eta erabilera historikoak ezagutzeko.

Ortofotografia bidezko analisia ere egingo da, hau da, airetiko analisia eraikinen gainazalean dauden materialak aztertzeko, amiantoa egon daitekeen identifikatuz. Teknika hau oso baliagarria da industriaguneetako poligonoak aztertzerako orduan.

Ur-hornidurako sarearen azterketa ere egingo da. Izan ere, azpiegitura hauek lur azpian egonik, ez daude begi bistan, beraz, azterketa berezia egingo da.  Horretarako herriko ur-hornidurako sarearen adina aztertuko da, modu horretan, amiantoaren mapari geruza bat gehitu ahal izango zaio, hornidura-hodiek amiantoa izateko duten arriskuarekin, baita instalazio horiek ikuskatzeko jarduketa-protokolo batekin ere.

Azkenik, zuzeneko analisia egingo da, aurretiaz jasotako informazioa egiaztatzeko. Horretarako landa-lana egingo da, eraikinen barrualdea eta materialak ikuskatuz eta laginak hartuz, amiantoa dagoen ebaluatzeko.

Lan hauek 6 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.