Amaituta dago Nomadak proiektuaren barruan Arrasaten egin den margolana

2019/10/25
Card image cap
Margolanak Arrasateko natura eta herria kontaktuan jartzea du helburu, sistema horretan elkarrizketan daude geometria eta forma bigunak

Nomadak proiektua martxa onean doa, antzinako Vasco-Navarro trenbidearen bidetik. Azpeitiko Dinamo Sorkuntza Fabrikan erresidentzia artistiko hori hasi zuten nazioarteko zazpi artistak astelehenean iritsi ziren Bergarara eta Debagoieneko herrietan esku-hartze desberdinak egiten ari dira. Arrasaten, Belen Robeda artista argentinarrak, bukatu berri du Musakolan dagoen 30 metroko horma batean egin duen margolana. 

Artistak azaldu duenez, “natura eta gizakien jarduera zuzeneko harremanean daude eta forma organiko eta geometrikoek azaltzen duten mugimenduak ikuslea harrapatu nahi du”. Maria Ubarretxena, Arrasateko alkateak azaldu duenez, Robedaren azkartasunak harritu du, izan ere, “ostiral gauean Arrasatera ailegatu zen eta 4 egunen buruan amaitu du margolana”. Ubarretxenak eskerrak eman nahi izan dizkio artistari, “bizirik ez zuen hormari bizia eman eta paisaiarekin bat egin duelako, espazioa arrasatearrentzat atseginagoa eginez”. Alkateak gaineratu duenez, “esku-hartze honek, Arrasateko Udalak azken urteotan herriko hainbat gune muralen bidez egokitzen egindako ibilbidearekin bat egiten du”.  Artista argentinarrak, Bergarako Trenbidearen Museoa, Gasteizko Ataria Zentroa – inguruko flora eta fauna ezagutzeko erreferentziazko zentroa -  eta, batez ere, Udala auzoko Natur Zentroa bisitatu ditu 30 metrotik gorako mural hori egiteko. Izan ere, azken honetan eman dio ostatu Arrasateko Udalak artistari bere egonaldian. “Zoragarria izan da Udalaitzen mendi-hegaletatik egunsentia ikustea: eguna, eguzkia sortzen ikustea edota euriari entzutea”, azaldu du Robedak.

Nomadak – “El trenico” proiektua, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Bitartez programaren bidez laguntzen du, baita Debagoieneko udalerriek ere, eta bizikleta eta street art-a lotzen ditu antzinako Vasco-Navarro trenbidearen bidetik Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako hainbat herrietan barrena. Azaroaren 21ean, Lizarran, amaituko du ofizialki bere bidea, nahiz eta 948, Nafarroako Arteen Merkatura arte luzatuko duen bere ibilbidea. Mundu zabaleko artistek osatzen dute taldea eta bertako artisten lankidetza ere badute. “Kultur kudeaketaren bidez, iragana eta etorkizuna lotzen dituen sormen artistikoko proiektua izan nahi du honek; memoria berreskuratzea du helburu, antzinako Vasco-Navarro trenbidea egungo bidegorriarekin lotuta” azpimarratu du Iñaki Landa proiektuaren koordinatzaileak.

Horretarako, Nomadak-El Trenico proiektuak, historia eta gaurkotasuna lotzen ditu, adituen lankidetzarekin eta proposamen artistikoen bidez – indibidualak nahiz kolektiboak – hibridazio honetan lanean ari diren artisten lanaren bitartez.

Bizikleta martxa

Artistak Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan ari dira lanean momentu honetan. Bergaran, Irantzu Lekue artista euskaldun garaikidea, Ertzain Etxeko zubipean collage bat egiten ari da. Horretarako, Javier Suso adituaren laguntza izango du eta, aurreratu dutenez, Bergarara ailegatu zen lehen tren-makinaren planoak ere izango dira collagean. “Eskuz egindako planoak dira eta trena gure herrira ekartzeak suposatu zuen erronkaren neurria ematen dute” azaldu du. Argazkiak eta tren txartel zaharrak ere berreskuratu dituzte. Esteban Loechbor artista ere lanean ari da, nahiz eta “eguraldiak lanaren hasiera atzeratu duen”.  Tomas Faciok ere ekin dio “tinta txinatarra bakarrik erabiliz” egingo duen bere lanari. Lerroz lerro, 20 egunetan zehar marraztuko du bere lana Eskoriatzan. Proposamenok ezagutzera emateko, bizikleta martxa bat antolatu du Nomadak proiektuak. Martxa Bergarako Herriko Plazatik irtengo da datorren zapatuan eta “Debagoienan arte garaikidea eta bizikleta lotuko dituen familiarteko martxa” izango da.