Amaia antzokiko egitaraua bertan behera geratu da hall-eko sabaia behera etorrita
2023/09/14Arrasateko Udalak jakitera eman du Amaia antzokiko sarrerako sabaia behera etorri dela eta, horren ondorioz, antzokiak ateak itxi beharko dituela “gutxienez epe motzean”. Hala adierazi du Auzoetako eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze saileko arduradun Kepa Urteaga zinegotziak: “lantzen ari garen hipotesietako bat da ekaineko euriteek kaltetu izana dagoeneko egoera txarrean zegoen egitura”.
Sabaia jausi da hall-etik antzokira sartzeko igo beharreko eskaileren tartean. Kalte ugari utzi du, izan ere, “hall-eko espazioa intsonorizatuta dago, ikuskizunak egiteko egokituta baitzegoen. Horregatik, hain zuzen, jausi den hori lodiera handiko sabaia zen, eta guztira 2 tonako materiala da erori dena”.
Kalte materialak handiak izan badira ere, “zorionez ezbeharra antzokia itxita zegoela gertatu da” Kepa Urteagaren esanetan.
Diagnostikoa, segurtasuna bermatzeko
Herritarren segurtasuna bermatu ahal izateko, udal gobernuak txostena eskatu du, Amaia antzokiko egoeraren berri jasoko duena. “Edozein esku hartzerekin hasi baino lehen, jakin beharrean gaude zenbaitetarainoko kalteak dauden, eta antzoki osoaren egoera aztertu behar da. Horrek antzokiaren erradiografia bat emango digu, eta ikusiko dugu konponketa lanak hall-ean soilik egin beharko diren, edo, kontrara, arazoa sakonagoa den, eta konponketa lanak haratago doazen”, adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.
Nolanahi ere, udal gobernuak adierazi du segurtasun berme guztiak izan arte, Amaia antzokiak ezingo dituela ateak ireki.
Udalak egitaraua egokitzen dihardu
Epe motzean, Amaia antzokiak ezingo du ikuskizunik eskaini. Eta horren ondorioz, irailerako pentsatuta zegoen egitaraua bertan behera geratu da. “Udalean aztertzen ari gara udazkenera begira pentsatutako egitaraua herriko beste espazio batzuetan kokatzea, JAMEn edo Kulturaten, adibidez. Eragozpenak ahalik eta txikienak izatea nahi dugu”, Andoni Arratibel kultura zinegotziaren esanetan.
Mantentze gabezia azken urteetan
Udal gobernuak salatu du Amaia antzokiak gaur egun bizi duen egoera tamalgarriaren arrazoi nagusia izan dela “azken bi legealdietako inbertsio falta”, behin baino gehiagotan leku askotatik eskatu den arren.