Aldundiak Gipuzkoa osora zabaldu ditu aurrekontu parte hartzaileak
2015/04/08Egitasmoa Urola Erdian jarri zuten martxan, 2013an; iaz, Gipuzkoako lau eskualdetara hedatu zuten, eta orain lurralde osora iritsiko da. Hamar eskualde zehaztu dituzte, eta bakoitzean bi milioi euro jarriko ditu diputazioak herritarren eskura, hurrengo lau urteetan inbertsioak egiteko: Bidasoan, Buruntzaldean, Debabarrenean, Debagoienean, Goierrin, Oiartzualdean, Tolosaldean, Urola Erdian, Urola Garaian eta Urola Kostan. Donostia da prozesuan parte hartuko ez duen bakarra. Udalarekin hala adostu du aldundiak, udalak bere partaidetzako aurrekontua duelako eta diputazioaren apustua eskualde ikuspegia lantzea delako.
Parte-hartze prozesuak bost fase
Lehena martxan da. Apirilaren 30era arte, herritarrek euren proposamenak egin ditzakete, hiru bidetatik: Internet bidez (www.aurrekontuahobetzen.eus helbidean); Gipuzkoa aldizkariarekin banatzen ari diren eskuorria udal egoitzetako postontzietan utzita; edo herrietan egingo diren tailerretara joanda. Ekarpenak egiterakoan, bi irizpide jarraitu behar dituzte parte hartzaileek: proposamenak eskualdearentzako onuragarria izan behar du, batetik; eta aldundiaren eskumenekoa izan behar du, bestetik.
Bigarren fasean, jaso diren proposamenak bildu eta herritarrek aukeraketa bat egingo dute. Ekaineko bigarren astean izango da hori. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute aldundiko teknikariek. Herritarrek irailaren bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte. Aurten, berrikuntza gisa, eskualdeetako garapen agentziak integratu dituzte prozesuan. Horiekin batera, erakunde eta udalek ere aukera izango dute haien ekarpenak egiteko. Gainera, lehentasuna emango diete epe luzeagoko proiektuei.
Informazio gehiago hemen.