Ahobizi eta Belarriprest hamaika egunez

2018/09/26
Card image cap
Udal Plenoak, aho batez, EUSKARALDIA UDAL BARRUAN SUSTATZEKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA onartu zuen uztailaren 10ean, eta konpromiso hauek hartu zituen

Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.

Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan, eta, bereziki, udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak.

Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.

Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko. 

Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa,  udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin Gipuzkoan, ahalik eta udal eta mankomunitate gehienetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan, lurralde mailako politika bateratu bati begira.

Gaurko agerraldian Udal korporazioko kideek berretsi egin dute Euskaraldia Udal barruan eta herrrian sustatzeko konpromisoa, eta zinegotzi bakoitzak ahobizi edo belarriprest izango den adierazi du. Era berean, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ahobizi eta belarriprest izatera. Inertziak astindu eta 11 egunez euskaraz aritzea izango da helburu nagusia, gure hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Izen ematea zabalik dago: BAZen, AEDn eta www.euskaraldia.eus en eman daiteke. Animatu eta parte hartu!