Abiatzear da ikasturte berria Arrasateko ludoteketan eta gaztetxokoetan

2022/09/12
Card image cap
Gaur, irailak 12, ateak irekiko dituzte Okendoko, Santamañako eta Usaetxeko ludotekek, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00ak arte. Ate irekiak: irailaren 12tik 30era. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko.

Iritsi da iraila, eta horrekin batera Arrasateko ludotekek eta gaztetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote.

Zerbitzu horien helburua da aisialdi hezitzailea oinarri duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzea, gure herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarrita.

LUDOTEKAK: ate irekiak irailaren 12tik 30era arte

3-11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… betiere berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta.

Zerbitzuen irekiera: Okendoko, Santamañako eta Usaetxeko ludotekek irailaren 12an irekiko dituzte ateak, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00ak arte

Ate irekiak: irailaren 12tik 30era arte. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin berba egiteko, … Eta urriaren 3tik aurrera izena eman duten haurrek izango dute aukera ludotekara gerturatzeko.

Izen emateak ludoteketan egin daitezke edo online www.arrasate.eus webgunean. Aukera egongo da hiruhileko bakoitzean izena emateko, edo urte osorako.  Kuota: 30 € urte osoan / 10 € hiruhileko.

GAZTETXOKOAK: zabalik irailaren 13tik aurrera

12 eta 17 urte arteko nerabeei eskaini nahi zaie espazio bat haien garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko: pertsonen arteko harremanak, parte hartzea, sormena, autonomia, emozioak…

Auzoetako gaztetxokoak irailaren 13an zabalduko dira, martitzenetik egubakoitzera, 17:00-20:00.

GAZTELEKUA

Asteburuko aisialdi eskaintzan nobedade batekin hasten gara: nerabeentzako gune berria martxan jarriko da Nafarroa etorbidean, tren geltoki zaharrean: GAZTELEKUA.

GAZTELEKUA irekiko da irailaren 16an, egubakoitza, 18:00etan. Hasiera-hasieratik nerabeen partehartzea sustatzeko, asanblada bat egingo dute, denen artean espazioa antolatzen eta hornitzen joateko.

Irailaren 16tik aurrera, GAZTELEKUA astebururo irekiko da, ordutegi honekin: egubakoitzean 18:00-21:00 / zapatuan eta domekan 17:00-21:00.

Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak nabarmendu du ezinbesteko zerbitzuak direla ludotekak eta gaztelekuak: “Argia da udalaren apustua gazteentzat kultura, jolas, prestakuntza eta aisialdi eskaintza handitzeko. Ludotekek eta gaztetxokoek zuzenean eragiten dute gure herritar gazteenen garapenean, eta udal zerbitzu kalitatezkoa, bertakoa eta euskalduna eskaintzen die; are gehiago aurten, Nafarroa etorbideko Gaztelekuarekin. Eremu egokia prestatu dugu, baina edukiz janzten joango gara orain gure gaztetxoekin. Beraz, Gazteleku berriaren garapenean ere ardura izango dute arrasatear gazteenek, eta haien neurrira eraikitako eskaintza osatuko dugu elkarlanean”.

Informazio zabalagoa eta argibide guztiak udaleko Gazteria sailean eskuratu daitezke, 943 25 20 88 telefonora deituz edo gazteria@arrasate.eus helbidera idatziz.