Abian da Arrasateko inauterietarako kartel lehiaketa
2023/12/18Gabonak amaitu ahala konturatzerako izango ditugu gainean inauteriak eta, hori dela eta, Arrasateko Udala hasia da dagoeneko inauterien antolaketa lanetan.
Horren harira, dagoeneko publikatu ditu inauterietako kartel lehiaketarako oinarriak. Horiei jarraikiz, lehiaketa irekia izango da Debagoieneko edozein udalerritan edo Aramaion erroldatuta dauden biztanleentzat.
Lanak, jakina, originala izan beharko du eta kartela osatzeko teknika librea izango da. Parte hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela.
Badira, ostera, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esate baterako, kartelak nahitaez bertikala izan behar du eta inauterien ezaugarri edo adierazle bat jasotzeaz gain, testu hau ere jaso beharko du: ‘2024 Inauteriak Arrasate’.
Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriek 50 x 70 zentimetrokoak izan behar dute, eta euskarri informatikoan (Pen Drive edo CDan) aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartelak guztiak. Horrekin batera, sobre itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.
Lanak urtarrilaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira BAZen (13:00ak arte). Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko da eta 400 euroko saria jasoko du.