Abian da 2025eko San Juan jaietako kartel lehiaketa
2025/03/17
Arrasateko Udalak dagoeneko publikatu ditu 2025eko San Juan Jaiak iragartzeko kartel lehiaketarako oinarriak. Horiei jarraikiz, lehiaketa irekia izango da Debagoieneko edozein udalerritan edo Aramaion erroldatuta dauden biztanleentzat.
Lanak, jakina, originala izan beharko du eta kartela osatzeko teknika librea izango da. Parte hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela.
Badira, ostera, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esate baterako, kartelak nahitaez bertikala izan behar du eta testu hau ere jaso beharko du: ‘2025 SAN JUAN JAIAK ARRASATE’.
Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriek 50 x 70 zentimetrokoak izan behar dute, eta euskarri informatikoan (Pen Drive edo CDan) aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartelak guztiak. Horrekin batera, sobre itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.
Lanak maiatzaren 5era arte, 15:00ak baino lehen, aurkeztu ahal izango dira BAZen. Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko da eta 750 euroko saria jasoko du.