Abian da 2024ko San Juan jaietako kartel lehiaketa

2024/03/14
Card image cap
Lehiaketa zabalik dago Debagoienean eta Aramaion erroldatuta dauden biztanle guztientzat, eta kartelak 2024ko apirilaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira. Saria 750 eurokoa izango da.

Arrasateko Udalak dagoeneko publikatu ditu 2024ko San Juan Jaiak iragartzeko kartel lehiaketarako oinarriak. Horiei jarraikiz, lehiaketa irekia izango da Debagoieneko edozein udalerritan eta Aramaion erroldatuta dauden biztanleentzat.

Lanak, jakina, originala izan beharko du, eta kartela osatzeko teknika librea izango da. Parte hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela.

Badira, ostera, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esate baterako, kartelak nahitaez bertikala izan behar du eta testu hau ere jaso beharko du: ‘2024 SAN JUAN JAIAK ARRASATE’.

Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriek 50 x 70 zentimetrokoak izan behar dute, eta euskarri informatikoan (Pen Drive edo CDan) aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. Egilearen izena azaldu barik eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartel guztiak. Horrekin batera, gutun azal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.

Lanak apirilaren 27ra arte (barne) aurkeztu ahal izango dira BAZen. Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko da, eta 750 euroko saria jasoko du.

Oinarriak hemen dituzu eskuragarri.