Abian da ‘Zeuk eiñ, zeuk jan' bazkariaren antolaketa
2023/06/12Gero eta gutxiago falta da San Juan jaietarako, eta, beraz, Arrasate dagoeneko murgiluta dago aurtengo egitarauaren antolakuntzan. Hortaz, antolatutako jarduera guztien artean, kontuan hartuta ‘Zeuk eiñ, zeuk jan’ herri bazkaria herritarren artean arrakastatsuenetako bat izaten dela, udalak aurtengo hitzorduaren xehetasunak eta baldintzak azaldu ditu.
Ohi bezala, bazkaria ekainaren 25ean egingo da, Azoka plazan. Izen ematea 650 lagunetik gorakoa bada, Mondragonés kalea ere erabili ahal izango da. Gehienez ere 1.000 lagunek eman ahal izango dute izena.
Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 12tik 17ra edo lekua bete arte. Interesdunek izena eman ahal izango dute udalaren webgunean, eta horretarako epea amaitu ostean, udalak jarlekuen kokapena zozketatuko du.
Elikagaiak prestatzeko tresnei dagokienez, bakoitzak bere tresnak eraman beharko ditu, eta berrerabili egin beharko dira. Hala ere, udalak ere hainbat plater eta edalontzi izango ditu behar duenarentzat. Halaber, gune jakin bat ezarriko da azokatik kanpo janaria prestatzeko, eta, hor ere, udalak su gutxi batzuk izango ditu. Hala ere, horiek erabili ahal izateko, aldez aurretik eskaera bat egin beharko da, eta horien erabilera eskatzaile guztien artean zozkatuko da.
Bazkarian erabilitako material guztia 18:30erako jaso beharko da.