Lezetxiki, 150.000 urtetik gorako altxorra Arrasaten
2015/07/21Uztailean zehar emango da bukatutzat Lezetxikiko 20. indusketa kanpaina, EHUko Historiaurreko irakasle eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide den Alvaro Arraizabalagaren zuzendaritzapean. 1996an eman zitzaien hasiera eta 3 edo 4 urtetako aurreikuspenarekin indusketa kanpaina hauei, eta denboran luzatuz joan dira bertan izan diren aurkikuntzen kopurua eta garrantzia direla medio, batez ere azken hamar urteetan.
Jatorrizko proiektuaren helburua zen lehen aldiz Joxe Miguel Barandiaranek 1956 eta 1968 artean induskatutako aztarnategiaren interpretazioaren inguruan zeuden zalantza batzuk argitzea. 1968ko indusketa lanak bertan behera utzi ziren aztarnategia antzua zelakoan eta urte hartan lortutako sakonerara iristea lortu zen 2005ean. Ordutik, sorpresa berriak etengabeak izan dira eta aurretik aztertu gabeko mailak induskatu dira eta aztarnategiaren azalera ere nabarmen handitu da.
Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urte guzti hauetan lagundu izan dituzte Lezetxikiko indusketak, bai ekonomikoki eta baita logistikari dagokionean ere. Arrasateko Udaletik “Udalako Ingurumen Eskola” utzi izan da eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmena ere badugu sinatuta azterketen emaitzen dibulgaziorako, emaitza oso ona ematen ari dena.
Horrez gain, udalak lursailak erosi zizkion aurreko lurjabeari eta diruz lagundu dituen auzolandegien bitartez aztarnategiaren inguruak txukundu dira.
Aurkikuntzak eta hedapena
Urte hauetako aurkikuntzarik nagusienetakoak dira Neanderthal gizakiak garraiatutako itsas maskorrak (kasu batzuetan Mediterraneo itxasotik ekarriak) edota apaindurarako erabilitako objektuak; hasierako indusketan aurkitutako giza hondakin fosilen testuinguratzea; aztarnategi baten aurkikuntza (Lezetxiki II) oso antzinako sekuentziarekin, 150.000 urte ingurukoa; penintsulan erregistratua izan den azken Makako hondakina, edota aurrez Iberiar Penintsulan ezezagunak ziren bi karraskari espezie berriren aipamena.
Kobazulo honetan egindako aurkikuntzen artean nabarmentzekoenak dira:
- Behe Paleolitoan bizi izandako Homo Heidelbergensis espezieko emakume baten besahezurra.
- Erdi Paleolitoan kobazuloan bizi izandako Homo Neanderthal batek zintzilikari bezala erabilitako aurreko hagina, atzeko hagina eta maskorrak.
- Homo Sapiens baten masailezurra
- Hainbat animaliaren hezur hondakinak: tripazaina, deningeri artza, haitzuloetako artza, Megaloceros giganteus, Panthera leo apelaea.
Indusketetako emaitzak nazioarteko biltzar nagusienetan aurkeztu dira, Estatu Batuetan, Bretainia Handian, Frantzian, Alemanian, Belgikan, Portugalen edo Italian, eta berriro ere aztarnategi hau penintsulako eta Europako paleolitoa ikertzen dabiltzanen erreferentzia leku bihurtu da. Dagoeneko hainbat doktore tesi defendatu dira, eta laster beste batzuk ere aurkeztuko dira Arrasateko kobazulo honetan lortutako informazioetan oinarrituta. Urte hauetan zehar, Lezetxikiri buruzko 30 hitzaldi eta dibulgazio mintzaldi baino gehiago antolatu dira Euskal Herriko hainbat herritan (baita Labeko kobaren inguruan ere, Arrasateko beste gordailu garrantzitsua).
Bestalde, zientzia aldizkari onenetan ere hainbat artikulu argitaratu dira, Nature entzutetsuan esaterako, baina baita Journal of Human Evolution, Quaternary Science Review, Quaternary International, Munibe eta beste hainbatetan ere. Guztiak ere eskuragarri daude web orri honetan: http://www.ehu.academia.edu/AlvaroArrizabalaga