Arrasateko 900 bizilagun inguruk, 6.373 punturekin, 6 proiektu lehenetsi dituzte 2021-2022ko partaidetzako aurrekontuetan

2022/04/21
Card image cap
Hona hemen zer proiektu hautatu diren: Zigorrolako balkoia egokitzea, Santa Barbara parkea hobetzea, Pumptrack, Aramaio errekaren ondoko bidegorria argiztatzea (Alecopetik Markuletera), bizikletentzako aparkaleku seguruak egitea, eta Gipuzkoa etorbideko oinezko pasabideak argiztatzea eta egokitzea.

Arrasateko Udalaren 2021eko eta 2022ko partaidetzako aurrekontuen prozesua amaitu da. 849 arrasatearrek parte hartu dute azken fase erabakitzailean eta 6.373 puntu eman dituzte, 6 proiektu lehenetsiz. Horietatik 52 puntu baliogabeak izan dira.

Udalak 500.000 euro bideratuko ditu hautatutako proiektuetara. Arrasatearrek 243 proposamen aurkeztu zituzten lehen fasean; herritar boluntario eta udal teknikari talde batek 16 proiektu aukeratu zituen, kontuan hartuta bideragarritasuna eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzea; horietatik, arrasatearrek, beren puntuen bidez, 6 lehenetsi dituzte.

Hona hemen zer proiektu hautatu diren, jasotako botoen arabera: Zigorrolako balkoia aisialdirako egokitzea; Santa Barbarako parkea hobetzea: bankuak eta paperontziak eraberritzea; Pumptrack: bizikleta eta patineteentzako zirkuitua (Azterketarako lekua); Aramaio errekaren ondoko bidegorria argiztatzea (Alecopetik Markuletera); bizikletentzako aparkaleku seguruak; eta Gipuzkoa etorbidea argiztatzea eta egokitzea.

Parte-hartzea % 17 igo da

Parte hartzea, 2019ko azken edizioaren aldean, % 17 igo da. Arrasaten erroldatuta dauden 10 urtetik gorako arrasatear guztiek bozkatu ahal izan dute.

Udalak bide bi jarri zituen botoa emateko: online, www.arrasate.eus webgunean, eta aurrez aurre BAZen, Kulturaten, Etxaluzen eta kiroldegian. Gehiago bozkatu da online (635 pertsona), aurrez aurreko modalitatearen aldean (214). Aurrez aurreko botoak honela banatu dira: 112 Kulturaten, 57 BAZen, 43 kiroldegian eta 2 Etxaluzen. 449 boto emaile emakumeak izan dira eta 400 gizonak.

Adin tarteari dagokionez, 30 eta 49 urte bitartekoek eman dute boto gehien (388, % 46), eta, ondoren, 50 eta 69 urte bitartekoek (249 pertsona, % 29).

Hurrengo urratsa: proiektuak idaztea

Orain, 2021-22 partaidetzako aurrekontuetako proiektuak aukeratuta, udala hasiko da horiek gauzatzeko behar diren proiektuak idazten. Arrasateko Udalaren asmoa da behar diren lan eta obra guztiak aurten bertan hastea.