90 jardueraz osatutako egitaraua aurkeztu dute San Juan jaietarako

2024/06/03
Card image cap
Ekainaren 14an hasi eta hilaren 30era bitarteko egitaraua izango da. Berrikuntzen artean daude Gazte Olinpiadak, ‘Zeuk iñ zeuk jan’ Portaloira itzuliko dela, haurrentzako puzgarriak, pilota partiduak eta nerabeentzako bazkaria.


Arrasateko Udalak, eta hainbat gizarte eta kultura eragilek 2024ko San Juan jaien egitaraua aurkeztu dute gaur. Ekainaren 14an hasi eta hilaren 30era bitarteko egitaraua izango da aurten, eta egunik garrantzitsuenak izango dira hilaren 22tik 26ra bitartekoak.

Antolatu diren 90 jardueretan, denetariko aukerak daude: dantza, musika, antzerkia, jolasak, diskofestak, bazkariak eta janari dastaketak… Ohiko bilakatu direnen artean daude, besteak beste, entzierroak, kantu afaria, Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua, ‘Zeuk iñ zeuk jan’, gazte bazkaria, makalaren igoera, Eguzkilaru eta 80 urtetik gorakoei omenaldia egitea.

“Programazio hau osatzea ezinezkoa izango litzateke eragileek parte hartu barik. Arrasateko Udalaren izenean gure eskerrik beroena San Juanetako mahaiko parte diren gizarte eta kultura eragileei, horietako batzuk gaur hemen ordezkatuta daude” adierazi du Andoni Arratibel Kultura zinegotziak.

Hainbat berrikuntza

Badira aurten nabarmentzekoak diren hainbat berrikuntza. Horien artean daude Gazte Olinpiadak, haurrentzako puzgarriak, pilota partiduen berreskuratzea, eta 12 eta 16 urte bitartekoentzako autogestionatutako bazkaria. Horrez gain, ‘Zeuk iñ zeuk jan’n bazkari autogestionatua Portaloira itzuliko da berriz ere, eta Kantu Afarian lekua erreserbatu beharko da aurretiaz.

Ekainaren 22an, zapatua,  lehendabizikoz Arrasateko Gazte Olinpiadak egingo dira. Parte hartuko dute 700 gazte inguruk, 44 taldetan banatuta. Egun osoko txapelketa izango da, goizeko 09:45ean hasi eta 19:30ean amaituko da.

Berrikuntzen artean dago Uarkapen izango diren pilota partidak berreskuratzea. Urte asko igaro eta gero, aurten, pilota partidak berreskuratuko dira ekainaren 21ean; 4 ½ San Fermin Torneoaren final zortzirena jokatuko da.

Azkenik, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat ere Bazkari Girotua izango da aurten lehenengoz. Ekainaren 25ean, Gaztelaruren egitarauaren barruan, gazteek eurek kozinatutako herri bazkaria egingo dute Txatxilipurdiko hezitzaileekin batera. Horren ostean, denetariko jolas eta jarduerak egingo dituzte. Gazteek izena eman beharko dute Gaztetxokoetan (edo 635 75 34 65 telefonoaz edo gaztetxokoetako Instagram bidez).

Haurrentzako egitarau osatua

Haurren eguna ekainaren 25ean ospatzen bada ere, aurten, Arrasateko Udalak, esfortzu gehigarri bat egin du barraken hutsuneari aurre egiteko. “Horregatik, ekainaren 23an eta 24an, goizean eta arratsaldean, puzgarriak izango dira Biteri plazan. Ekainaren 24an, gainera, eguraldi onarekin, uretakoak izango dira ur parke bat sortzeko” adierazi du Gladys Fernandezek, Belaunaldiarteko zinegotziak. Bestelako jardueren artean, nabarmentzekoak dira ipuin kontalariak Monterron parkean eta txosnetan.

Ekainaren 25ean haurren eta gaztetxoen festa eguna ospatuko da, eta, horren ondorioz, egun osoan hamaikatxo aukera izango dute jolaserako. Besteak beste, jolas parkeak izango dira Seber Altuben eta Monterronen, tirolinarekin, eta apar festa eguerdian; hori guztia Eguzkilaruren parte hartzearekin. Arratsaldean, berriz, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da Monterronen.

Kontzertu ugari aurten

Hiru gune nagusi izango dira kontzertuentzat, Txosnagunea, Herriko plaza eta Monterron parkea. Duela astebete Txosna Batzordeak iragarri bezala, txosnetan izango dira Eire, Tapia eta Leturia taldeak eta Dupla taldeak ekainaren 22an.

Ekainaren 23an Zutik taldearen erromeria izango da txosnetan. Ekainaren 24an Arrasasate Musikaleko Bandak ohiko kontzertua eskainiko du 13:00etan Monterron parkean. Ilunkaran, Aiert eta Zirrara taldeek joko dute txosnetan 20:00etan, eta Esne Beltzak kontzertua emango du bere “Agur Deneri” biran, 23:15ean.

Ekainaren 25ean, Herriko plazan, Oxabirekin erromeria izango da, eta txosnetan, 23:00etatik aurrera, Zea Mays eta The Clayton. Amaitzeko, ekainaren 26an, 20:00etan hasita, Kiko Venenoren kontzertua izango da Herriko plazan.

Izen emateak eta zozketak

Aurten ere hainbat izen emate eta zozketa abiaraziko dira jaietako jardueretan parte hartzeko. Izen emate guztiak https://izenemateak.arrasate.eus/eu/ webgunean edo BAZen egin beharko dira.

  • Udaletxeko balkoien zozketa
    Aurten ere aukera egongo da haurren danborrada, nagusien danborrada eta Errementari Dantza Udaletxeko balkoitik ikusteko. Horretarako, zozketan izena eman beharko da ekainaren 4tik 10era, biak barne.
  • 80 urtetik gorakoen omenaldirako izen ematea
    80 urtetik gorako pertsonei urtero egiten zaien omenaldian izena eman daiteke: bihar hasi (ekainaren 4an) eta datorren ekainaren 13ra arte, biak barne.
  • Kantu afarirako izen ematea
    Berrikuntzen artean, eta ikusita azken urteetan kantu afarira gerturatzen den jende kopurua gehitzen doala, izena emateko sistema bat jarriko da. Prozedura ‘Zeuk iñ zeuk jan’en erabiltzen den berdina izango da, eta 425 pertsonarentzako lekua egongo da. Beraz, ekainaren 14an egingo den kantu afarian lekua izateko izena eman beharko da ekainaren 5etik 12ra bitartean.
  • ‘Zeuk iñ zeuk jan’en izena ematea
    Tradizio bilakatu den bazkari autogestionatu honetan izena emateko epea ekainaren 10etik 17ra izango da. Berrikuntza bezala, eguraldi onarekin Portaloira itzuliko da ‘Zeuk iñ zeuk jan’, eta eguraldi txarra eginez gero, Biteriko aterpea probestuko da. 1.000 lagunendako lekua egongo da.

Aurrekontua

2024ko San Juan jaietarako aurrekontua 284.149 eurokoa izango da. Aurreko urtearekin alderatuta 38.700 euro inguruko igoera izan du, eta igoera horren arrazoiak aipatu ditu Arratibel Kultura zinegotziak: “Aurten egun bat gehiago batu zaio egitarauari, ekainaren 22a, kontzertu eta olinpiadekin. Iazkoarekin alderatuta, igoera nabarmenena azpiegituren alokatzean eman da, izan ere, aurrekontua eta likidazioaren arteko ezberdintasuna 11.000 eurokoa izan zen aurreko urtean. Beraz, aurten, aurreikusi dugu gastu erreala jasotzea 20.000 eurorekin”.

Bestelako gehikuntzak honako partida hauetan eman dira, adibidez, haurren eta gaztetxoen egitarauan, 80 urtetik gorakoen omenaldian, eta banatzen diren zapien kopurua handitzea, besteak beste.

Deskargatu programa

Datorren astean etxeetara banatuko den egitaraua, dagoeneko eskuragarri dago formatu digitalean: deskargatu hemen