Mugikortasun Jasangarrirako Planean hirigintza taktikorako neurri berriak jaso dira, herritarren ekarpenei esker
2025/03/18
Mugikortasun Jasangarrirako Planaren onarpena azken txanpan sartu da. Urrian aurkeztu zuen Udal Gobernuak hasieraz onartutako proposamena, eta herritarrekin hainbat bilera egin ostean, dagoeneko prest du Udalak onarpenerako plan proposamena. Apirilaren 1eko oso bilkuran bozkatuko da plana behin betiko onarpenerako.
“Herritarrekin egindako parte hartze saioen ondoren, eta alegazio guztiak aztertu ostean, hasierako proposamenean aldaketa batzuk txertatzea ekarri du; beti ere planaren helburu nagusienekin bat datozelako: bide-segurtasuna areagotzea, emisioak murriztea eta oinezko eta bizikletazko mugikortasuna sustatzea, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz. Horrek ezinbestean espazioaren berrantolaketa bat egitea dakar, azken urteetan egin bezala” adierazi du Garazi Etxeberriak Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasun zinegotziak.
2024ko urriaren 3tik abenduaren 19ra irekia egon den parte hartze prozesuari dagokionez, “oso emankorra” izan dela adierazi du Etxeberriak. “Proposamenek plana aberastu dute. Hirigintza taktiko bitartez egin daitezkeen esku hartzeak proposatu dira orokorrean, eta horrek planaren norabide egokia erakutsi digu”.
Herritarrak mugikortasun jasangarriarekin konprometituak
Etxeberriaren esanetan, jaso dituzten proposamenak, orokorrean, “arduratik eta konpromiso jasangarri batetik” egin direla defendatu du. “Uste dugu herritarrek konpartitzen dutela mugikortasun jasangarrian aurrera urratsak ematea bizi kalitatean aurrera egitea dela” eta horren adierazle aipatu ditu autobus geltokiaren kokalekua Zalduspen aukeratzeak, Nafarroa etorbideko bizilagunek bide-segurtasuna areagotzeko egindako proposamena edota Elmako bizilagunen proposamenak.
Hirigintza taktikoaren indartzea
Hirigintza taktikoa espazio publikoa berreskuratzeko eta haren balio partekatua maximizatzeko prozesu kolektiboa da. Esku-hartze arinak, kostu txikikoak eta inplementatzeko errazak diren neurriak dira, taktikoki espazioak hobetzeko aukerak proposatzen dituztenak.
Hirigintza taktiko bidez egiteko onartu diren herritarren proposamen batzuk:
- ELMA auzoan dagoen Euskal Herria plazako saihesbidea auzoarentzat berreskuratzea. Auzotarrek egindako eskaera honetan, Deba kaleko errepidea bere abiapuntuko bi norazkoetara itzuliko litzateke, eta Euskal Herria plazako “errotonda” desagertuko litzateke.
- Nafarroa etorbidea eta Zerrajera kaleak noranzko bakarrekoak izatea. Kontzezino kalea eta Nafarroa etorbidea Aprendices kalearekin elkartzen den bidegurutzeraino ibilgailu motordunentzako noranzko bakarreko zirkulaziorako soilik bihurtuko da. Aldaketa hau osatzeko, bi noranzko izango duen bizikleta-bide segregatu bat sortuko da, eta zati batzuetan aparkaleku berriak sortzea aztertuko da. Ondorioz, Zerrajera kalean ere noranzko bakarra garatuko da, hemen ere bidegorri txertatuz.
Otalora bi norabidetakoa eta autobus geltoki berriaren kokapena
Hasieraz onartutako Mugikortasun Jasangarrirako Planaren lehen proposamenean, Otalora kalea noranzko bakarrekoa izatea proposatzen zen. “Proposamenaren konplexutasuna ikusita eta planaren epe-mugaren barruan txertatzeko zailtasunak kontuan hartuta, planaren idazketa-taldeak erabaki du Otalora Lizentziatua kalean bi noranzkoko zirkulazioa mantentzea” adierazi du Etxberriak.
Hala ere, etorkizunean neurriaren egokitasuna baloratzeko, datu bilketa egingo da datozen urteetan, trafikoaren monitorizazio eta simulazio azterketa bat eginez. “Horrela, 5 urte barru, plan berria berridatzi beharko denean, datu zehatzak izango ditu Udalak neurria hobeto aztertzeko”.
Bestetik, lehen proposamen horretan, autobus geltokiaren kokalekua definitu gabe zegoen. Herritarren gehiengo osoz erabakita, planaren idazketa berriak autobus geltoki nagusia Zalduspen kokatuko du. “Urrats hau hasiera besterik ez da izango etorkizunean autobus geltoki duina izan dezagun. Horretarako baina, proiektuak prozesu luzea gainditu beharko du” azaldu du Etxeberriak. Bertan aurreikusten du gobernuak eraiki asmo diren 6 disuasio parkingetatik lehena eraikitzea, autobus geltokiko lanekin batera. Gaur gaurkoz ordenamendua egokitzen ari dira proiektua bideratu ahal izateko.
Bidegorri sarea hedatuko da Arrasaten
Bidegorri sarea haziko da datozen urteetan urteetan aipatutako neurriekin. Horrez gain, badira bizikletaren erabilera segurua bermatzeko hainbat urgentziazko neurri aurten gauzatzeko asmoa dutena:
- Bidegorririk ez dagoen lekuetan motordunen eta bizikleten arteko bizikidetza segurua bermatzeko “gune mistoak” margotuko dira. “Neurri honek ez du bidegorrien hedapena ordezkatzen, baina bizikletari ikusgarritasun handiago emango dio kotxearen aurrean. Modu honetan, kotxeek ezinbestean errespetatu beharreko neurria bilakatuko da” adierazi du Etexeberriak.
- Bide gorri bereizi berria egiteko obrak San Andres auzoan. Uribesalgo etxeetan amaitzen den bidegorri segregatuaren jarraipen obrak gauzatu nahi ditu Udalak. Horretarako dagoeneko esleitu du proiektua idazteko lana.
Mugikortasun bertikala Gorostiza auzotik hasita
Mugikortasun Jasangarrirako Planak hiru igogailu aurreikusten ditu: Gorostiza auzoan, Altamira auzoan eta Maiatzaren 1a plazan. Gorostiza auzoko igogailuaren proiektua idazteko pleguen prestakuntzan ari da dagoeneko Udala.
Herritarren parte hartze datuak laburrean
- 235 pertsonek parte hartu dute auzoz auzoko parte hartze saioetan, dozenaka ekarpen eginez.
- 268 herritarrek parte hartu zuten azaroan egindako autobus geltokiaren herri galdeketan.
- Plana jendaurrean egon den 45 egunetan, 25 herritarrek idatzizko hainbat proposamen egin dituzte.
- Hirigintzako Aholku Kontseilua 3 aldiz bilduko da, eta 7 Hirigintza Batzordetan tratatu da gaia