Buru osasunaren inguruko hitzaldi sorta antolatu dute elkarlanean Udalak, Katearen Loturak elkarteak eta Ediren Osasun kooperatibak

2025/01/10
Card image cap
Lehen hitzaldia urtarrilaren 15ean izango da, eta azkena, ekainaren 25ean.

Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuek, 2023az geroztik, adikzioak dituzten pertsonen senideei zuzendutako laguntza talde bat dauka, Ediren Osasun kooperatibak aurrera eramaten duena. Taldean parte hartzen duten pertsonak hamabostean behin elkartzen dira Kulturaten.

Herritar gehiagorengana iritsi eta gai hauen inguruan sentsibilizatu eta informatzeko asmoz, Katearen Loturak elkarteak, Ediren Osasun Kooperatibak eta Udalak, buru osasunaren inguruko hitzaldi sorta bati hasiera eman zioten azaroan. Hurrengo hitzaldia, urtarrilaren 15ean izango da, eta “Familiaren lekua. Nork zaintzen du zaintzailea” izango dute hizpide.

Familiak funtsezko zeregina du patologia duala duten pertsonen bizi-kalitatean. Hala ere, familiak ere baditu bere arazoak eta beharrak, eta bigarren maila batean utzi ohi dira. Beharrezkoa da zaintzaileek beren laguntza-espazio propioa izatea, zailtasunak eta zalantzak partekatzeko. Zaintzaileez arduratzeak oso eragin onuragarria du familia osoaren bizi-kalitatean.

Idoia Madarieta psikologoak emango du hitzaldia, 18:00etan Kulturaten

Otsailetik aurrera, hilean behin egingo diren hitzaldietan, besteak beste honako gaiak landuko dira:

  • Otsailak 12, eguaztena: Gaixotasun mental kronikoa duen pertsonarekin bizikidetza. Nola jakin noiz ez duen nahi edo noiz ez den gai?, Idoia Madarieta psikologoaren eskutik.
  • Martxoak 12, eguaztena: Mundu psikotikora bidaia; nola ikusten da mundua psikositik?, Enrique Saracho psikiatraren eskutik.
  • Apirilak 9, eguaztena: Depresioa eta doluak. Depresio onik ba al dago?, Idoia Madarieta psikologoaren eskutik.
  • Maiatzak 14, eguaztena: Nortasunaren mugako nahasmena; piztia arraro bat naiz, edo pertsona aparta?, Idoia Madarieta psikologoaren eskutik.
  • Ekainak 11, eguaztena: Hitz egin dezagun suizidioaz, Enrique Saracho psikiatraren eskutik.
  • Ekainak 25, eguaztena: Agertoki berriak osasun mentalarentzat; zein da gizarteko babes sareen rola?, Idoia Mendietaren eta Enrique Sarachoren eskutik.