775.000 euro baino gehiago enplegua sustatzeko

2021/06/02
Card image cap
Arrasateko Udalak onartu berri du 2021eko Enplegu Plana, eta horrek 8 lan lerro nagusi jasotzen ditu: herriko langabeen kontratazioa, laguntzak ematea Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko, titulatu berrien laneratzeko ekimenak, enpresentzako laguntzak, langabeentzako ikasteko laguntzak, ekintzailetzaren sustapena, ekonomia suspertzeko ekimenak eta lanerako prestakuntza.

Jakina da ekonomia zein enplegua eta ongizatea eskutik helduta datozela, ongizaterik barik ez dagoelako garapenik, eta garapenak edo lanak, halaber, pertsona duintzen duelako eta bizi kalitatea eta ongizatea bermatzen dituelako.

Ildo horretan, udal gobernuaren lan ardatz nagusia pertsonak izanik, tokiko ekonomia indartu eta garapena sustatzearen aldeko apustuari jarraipena emanez, Arrasateko Udalak onartu berri du 2021erako Enplegu Plana, 777.328,27 euroko aurrekontuarekin.

Udalak ahalegina egin du planean jasotako lerroak gaur egungo enpleguaren egoerara egokitzeko. 2020ko apiriletik 2021eko apirilera 92 langabe gutxiago dago Arrasaten; langabezia tasa 0,79 puntu jaitsi da urtebetean. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, berriz, 2020ko urtarrilean baino 85 langabe gehiago dago, eta tasa 1,72 puntu handitu da.

Enplegu Planak helburu du urratsak ematen jarraitzea tokiko ekonomia bultzatu eta kalitateko enplegua sortu, mantendu eta bermatzeko, are gehiago orain,  pandemiaren eraginak nabariak diren honetan. Izan ere, Covid-19ak areagotu egin du langabezia tasa eta horri erantzuna emateko eta pandemiak sortutako behar berriei erantzuteko, momentuko testuingurura egokitutako Enplegu Plana osatu du aurten udalak.

Horren haritik, 2021eko Enplegu Planak 8 lan lerro nagusi jasotzen ditu:

  1. Herriko langabeen kontratazioa, interes publikoa duten proiektuak garatzeko: 417. 828 euro
  2. Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak: 87.500 euro
  3. Tituludun berrien laneratzerako ekimenak (praktikaldiak, bekak…): 7.000 euro
  4. Arrasateko enpresentzat laguntzak: sortu berriak, negozioen eskualdatzeak, jardueren dibertsifikazioa: 35.000 euro
  5. Langabeentzat lanerako prestakuntza ikasketetarako laguntzak: 30.000 euro
  6. Ekintzailetza sustapena, bereziki gazteen artean eta tokiko eragileekin elkarlanean: 60.000 euro
  7. Ekonomia suspertzeko ekimenak: 90.000 euro
  8. Lanerako prestakuntza: 50.000 euro

 

Lan lerro bakoitza bata bestearekin independentea izango da, hau da, erritmo propioa izango du eta erritmo horren baitan garatuko da. Guztiek, baina, helburu bera izango dute: herriko ekonomia eta enplegua suspertzea, kalitateko enplegua sortu eta mantentzeko, langabezia tasa arintzeko eta horrela, Arrasate zein arrasatearren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu eta bermatzeko.

Horretarako, aurrez aipatu bezala, 2021eko Enplegu Plana oro har eta programa bakoitza zehazki, Covid-19ak eragindako ondorio eta behar berrietara egokitu da. Kasu honetan, esaterako, enpresei zuzenduriko laguntzen lan lerroak izan du aldaketarik handiena, aurten, enpresa berrien sorrera laguntzeaz gain, eskualdatzeak eta jardueren dibertsifikazioak ere jasotzen baititu.

Edurne Unamuno Sustapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu du “inoiz baino garrantzitsuagoa da herriko ehun ekonomikoa mantendu, babestu eta sustatzea, eta aldi berean, langabe zein ekintzaileei erraztasunak ematea. Paraleloki doaz, eta udalak lan ildo bi horien gainean bultzatu gura du errekuperazio ekonomikoa: ehun ekonomiko indartsua eta aurreratua, eta kalitateko enplegua”.

Horrekin batera, Arrasateko Udalak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, plana osatu eta aurrera eramateko giltzarri nagusietako bat bezala. Horri lotuta, azpimarratu eta eskertu du etengabeko hartu-emana izatea MUrekin, formazio zentro guztiekin, herriko enpresekin eta eragile sozioekonomikoekin.

Hiri ekonomiaren alde apustu irmoa

Enplegu Planaz haratago, Arrasateko Udalak beste hainbat egitasmo landu eta bultzatzen ditu: horien artean “Interreg Europe” programako SHREC egitasmoa, trantsizio energetikoaren alde, “Arbigara”, nekazaritza arloko aktibitatea suspertzeko eta “Mondragon City Challenge”, Unibertsitateko ikasleen artean ekintzailetza eta kooperazioaren kultura sustatzeko.

Horiek ere Arrasateren zein arrasatearren garapena dute jomuga nagusi, Arrasatek hazten eta garatzen jarraitu dezan, etorkizunean ere, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzen dituen herria izan dadin, eta herrian aukerak eskaintzen dituena bizitzeko eta lan egiteko.