Arrasateko Udalak 6.000 egutegi banatuko ditu herritarren artean

2023/12/27
Card image cap
Egutegiak doakoak izango dira eta gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira herriko dendetan eta tabernetan. Egutegiak ARTGAZKIk eta Arrasateko Udalak osatu dituzte elkarlanean.

2024ak ekarriko dituen berrikuntzen artean, Arrasateko Udalak, ARTGAZKIrekin elkarlanean, diseinatu dituen eta banatuko dituen egutegiak daude. Egutegiok doakoak dira eta gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira herriko dendetan eta tabernetan eskatuta.

 

Modu horretara, egutegien banaketa baliatu nahi da herritarren eta komertzio txikiaren artean harremana estutzeko, auzoan edo inguruan ditugun komertzio txikiak herritarrarengana gerturatzeko, eta komertzio txikia zer eskaintza duen jakin eta horiek ezagutzera emateko; gertuko dendek ematen duten erraztasun eta konfiantzazko zerbitzuez jabetzeko, hain zuzen.

 

Arrasatetik eta Arrasaterako egindako egutegia

 

Egutegiek Arrasateko jai egunak jasotzeaz gain, bestelako kirol, kultura, festa eta ospakizunak jasotzen ditu. Jaien eta ospakizunen artean daude San Juanak, Aratusteak, Maritxu Kajoi eta Santamasak, baita auzoetako jaiak ere. Kirol ekitaldien artean Arrasate-Udalatx mendi lasterketa, Musakola BTT, Errugbi txapelketa, Mondranbike, AIBA! eta San Silbetre krosa jasotzen ditu egutegiak, eta amaitzeko, kultura ekimenek ere hartu dute lekua. Alor horretan egutegian daude Mondra&Roll jaialdia, Arrasate Blues, Oreixe Akustikoa, Gaba Baltza eta Olentzeroren irteerak.

 

Udalaren 2024ko egutegiak jasotzen ditu, tokiko jaiez eta ekimenez gain, ilargi egutegia, tenporen egutegia eta urtaro aldaketen egunak ere bai.

 

Elkarlanaren emaitza

 

2024ko egutegia ARTGAZKIren eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da. Argazkiak ARTGAZKI taldeak aukeratu ditu epaimahai bitartez. Hain zuzen, epaimahaia 5 pertsonak osatu dute, eta horien artean zeuden Arrasateko Udaleko ordezkaritza bat, ARTGAZKI taldeko kide bat, Arrasateko merkataritzako ordezkari bat eta kulturarekin zuzeneko lotura duten pertsona bi.

 

Guztira 130 argazki inguru aurkeztu dira eta 13 izan dira sailkatuak egutegian jartzeko, hilabete bakoitzeko argazki bana, eta azaleko irudirako beste bat. Argazkiak aurkezteko baldintza bakarra zen Arrasaten kokatuak izatea.