Arrasateko 45 establezimenduk baino gehiagok "Euskaraz barra-barra" marka eskuratu dute eta Udalak ekimenean parte hartzeko deia egin du
2025/01/22Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra. “Euskaraz norekin? Non? Noiz? Inoiz bere buruari galdera hauek egin dizkietenei, marka berri honek bidea argitzen lagunduko die; ikusten duten tokian, euskara erabiltzeko aukera bermatuko baitie” azaldu dute. Euskal Herri osora zabaltzen ari den egitasmo hau aukera leiho bat da herritar guztiontzat.
Erronka nagusia Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da, jarraian azaltzen diren helburuak oinarri hartuta:
- Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez.
- Euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea.
- Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzea.
- Euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.
Arrasaten 45 establezimendutik gora, eta gehitzen
Dagoeneko 45 establezimenduk baino gehiagok dute ‘Euskaraz barra-barra’ marka beraien komertzioetan, eta Udalak zabalpenean sakondu nahi du. Zentzu horretan, dendari eta komertzio ezberdinei gonbidapena zabaldu die “Euskaraz barra-barra” egitasmoan parte hartu dezaten. Horretarako, baina, baldintza minimo batzuk bete beharra dituzte:
- Establezimendua zabalik dagoen bitartean gutxienez langile bat izatea euskaraz zerbitzua emateko gai dena. Horrenbestez, barra-barra eskuratzeko baldintza ez da establezimenduko langile guztiek euskaraz ulertzea, baizik eta, beti egotea bat edo batzuk, ulertzeko edo atenditzeko gaitasuna dutenak.
- Establezimenduak herritarrari begira dituen oharrak, mezuak… euskaraz izatea.
Nola parte hartu?
Bi parte hartze esparru izango dira parte hartzeko, bata establezimenduena, eta, bestea, herritarrena. Biak ala biak parte hartzera animatu ditu Udalak. Honako bide hau jarraitu beharko dute parte hartzeko
- Establezimenduak:
- Harremanetan jarri Udaleko Euskara Sailarekin, bat egiteko nahia adierazteko. Horretarako idatzi amaia.arana@arrasate.eus helbidera, edo deitu 943 25 20 08 telefono zenbakira.
- Establezimenduan markaren ikur identifikagarria(k) ipini.
- Herritarrak:
- Establezimenduaren erakusleihoan Euskaraz barra-barra ikur identifikagarria ikusten baduzu, egin ezazu euskaraz.
- Establezimenduaren barruan langile asko baldin badaude, bilatu ezazu Euskaraz barra-barraren identifikagarria duen langilea eta hitz egin euskaraz.
- Establezimenduaren kutxak Euskaraz barra-barra itsasgarri edo bestelako euskarriekin identifikatuta badaude, egin ezazu ordainketa euskaraz, pegatinadun kutxan.