Arrasateko Udalak 500.000 euro bideratuko ditu 2021-22 aurrekontu parte hartzaileetan, herritarrek proposatutako proiektuak garatzeko
2021/11/11Arrasateko Udalak 2021 eta 2022ko aurrekontu parte hartzaileak abian jarri berri ditu ‘Zeuk erabaki, tú decides’ lelopean, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin. Udalak 500.000 euro bideratuko ditu urte bian.
Kanpaina honek urte biko epea hartuko du, aurrekontu bikoitzarekin. Aurreko urteetan ere abian jarri izan da aurrekontu parte hartzaileen prozesua, eta balorazioa positiboa izan bada ere, aurten diagnosi eta hausnarketa aldi bat egin ostean, deialdi honetarako partaidetzako aurrekontuen dinamika berritzaile bat ezarriko da. Helburua da administrazio publikoan partaidetza integratzea naturaltasunez eta zeharkakotasunez.
2021/22 aurrekontu parte hartzaileen prozesua bi fasetan egingo da: proposatu eta erabaki.
Lehen fasean, proposatzailea, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte azaroaren 28ra arte. Parte hartu ahal izango dute Arrasate hobetzeko ideiaren bat daukaten pertsona guztiek, eta horretarako, hiru bide izango dute:
- Esku orria betez eta udal egoitzetako kutxetan sartuz (Kulturate, BAZ, Gazte bulegoa, Emakume Txokoa, Kiroldegia, Etxaluze eta Tokiargi).
- Online, www.arrasate.eus/partaidetza estekan.
- Eta ideiak lantzeko egingo diren sormen tailer irekien bidez.
Hain zuzen, hori da bigarren berrikuntza nabarmenena: udalak 4 sormen tailer antolatu ditu, herritarrei proiektu proposamenak lantzen laguntzeko:
- Azaroaren 15ean, Kulturaten (Jokin Zaitegi aretoa).
- Azaroaren 16an, San Andresen (Etxaluze).
- Azaroaren 23an, Musakolan (Jubilatuen etxea).
- Azaroaren 24an, Kulturaten (Loramendi).
Tailer guztiak 18:30ean izango dira eta aurrez izena eman behar da: partaidetza@arrasate.eus helbidera idatziz edo 943 25 20 00 telefonora deituz.
Proposamenek baldintza hauek bete behar dituzte: udal eskumenekoa izatea, 2 urteko epean gauzatu ahal izatea, bideragarritasun teknikoa gainditzea, gehienez ere 125.000 euroko aurrekontua izatea, aurreko prozesu baten emaitza ez ezabatzea, onartua dagoen udal plan baten kontra ez egitea eta interes orokorrekoa izatea.
2. fasea erabakitzailea izango da. Aurretiaz herritarrekin osatutako lantalde batek antzekoak diren proiektuak bateratuko ditu, eta, gero, bozketa fasera pasatuko diren proposamenak lehenetsiko ditu: 30 inguru.
Fase hori 2022ko martxo eta apiril artean garatuko da, eta online eta aurrez aurreko aukeraketa bidez egingo da. Udal ordezkariek nabarmendu du parte hartze sistema erakargarri bat ari direla lantzen fase honetarako, bereziki haur eta gazteen parte hartzea sustatzeko.
Arrasateko Udalak herritarrei dei egiten die prozesuan parte hartu dezaten. “Arrasatear guztion onerako izango da! Zurea da hitza”.