48,3 milioi euroko aurrekontu proposamena egin du Udal Gobernuak 2025erako, “bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko eta emandako hitza betetzeko”
2024/11/272025erako 48.303.380,11 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur Udal Gobernuak, aurreko urtearekin alderatuta %5,6 handiagoa (2.550.241,43 € gehiago). Aurreikusitako inbertsio eta gastuen ildo nagusien berri eman dute prentsaurrean Maider Morras Arrasateko alkateak, Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak, eta Eva Abuinek, Berdintasun zinegotziak.
“Arrasatearron bizi kalitatea hobetzeko martxan jarri ditugun proiektuak aktibatzen hasteko urtea izango da 2025 urtean” adierazi du Maider Morras alkateak. 5 ardatz nagusi izango dituzte aurrekontu hauek:
- Auzoen eta auzotarren bizi kalitatea hobetzea
- Zerbitzuen eta azpiegituren hobetze eta berritze inbertsioak
- Berdintasuna, justizia soziala, zaintza eta parte hartzea sustatzea
- Arrasate jasangarri eta berde baterantz
- Kudeaketa gardena, efizientea eta zuhurtziazkoa
Auzoetako bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak
Auzoetako bizi kalitatea hobetzeko inbertsio “material eta immaterialak” bideratuko ditu Arrasateko Udalak auzoetan. “Azpiegitura berriak, auzoetako berrurbanizazio lanak edota proiektu berriak idazteko lanak egingo dira 2025ean. Baina, urbanizazio eta zerbitzuak berritzeaz gain, inbertsio sozialean ere apustua egin nahi izan dugu. Horretarako auzoetako ekintzetarako partidak handitu ditugu, auzotarren arteko harremanetan sakondu eta komunitate sendoak egonkortzeko” adierazi du Maider Morras alkateak. Hauek dira auzoetarako aurreikusten diren inbertsioetako batzuk:
- Santa Marinako Biblioteka handitu eta berritzea - 135.000€
- San Andreseko gaztetxokoa berritzea - 168.500€
- Ferixalekuko 2 igogailuak berritzea eta mantenua - 292.000€
- Santa Teresako berrurbanizazio lanekin jarraitzea - 2,9 milioi €
- Alde Zaharrean sartu-irteerak kontrolatzeko matrikula irakurgailua - 45.000€
- Gorostiza eta Makatzenako estalpeen mantenua hobetzeko lanak - 30.000€
- Musakolarako estalki bat egiteko proiektua idaztea - 18.500€
- Uribarriko berrurbanizazio proiektua berrikusi eta egokitzapenak egitea - 40.000€
- Udala Auzoko berrurbanizazio proiektua idatzi - 30.0000€
- Baserri bideetako inbertsioak - 40.000€
- Grupo San Juan berrurbanizatzea - zehazteke
- Auzoetako jaie-ekintzen partida %25 handitzen da - 125.000€
Inbertsio handiko proiektuak gerakinaren finantziazioaz
13 milioi euro inguruko gerakinaren bitartez finantzatuko dira 2025ean martxan jartzea aurreikusten diren proiektu nagusiak. Inbertsio handi hauek partida sinboliko batekin jaso dituzte aurrekontuetan (euro batekoa) eta “urtean zehar” hornituko dituzte diru partida zehatzekin. “Iturripe, Amaia Antzokia edo Grupo Sanjuaneko berrurbanizazio proiektuak idazten ari dira orain, eta behin hauek definituta jakingo dugu obra hauei bideratu beharreko diru kopuru zehatza”. Dena ondo bidean, 2025 urte amaieran hiru obra hauek esleituta izatea espero dute:
- Iturripeko kiroldegi berria
- Amaia Antzokia
- Grupo San Juan auzuneko berrurbanizazioa
Halaber, “gerakinaren kudeaketa ona” azpimarratu du Joseba Ezpeleta, Ogasun zinegotziak. “Gerakin honen kudeaketa egokiari esker bideratu ahal izango ditugu inbertsio handi hauek. Hasieratik esan genuen gerakina ezin zela gastu arruntera bideratu, eta horrela izan da. Honek ahalbidetuko du martxan jarri nahi ditugun azpiegitura berri guztiak zorpetze txikienarekin egin ahal izatea”.
Udal zerbitzuak hobetu eta herriko ondare historikoa zaintzea
Udalak eskaintzen dituen “zerbitzu eta azpiegitura publikoak berritzeko apustua” egin du Udal Gobernuak aurrekontuetan. Zentzu horretan, “herritarrei zerbitzu hobe eta pertsonalizatuago bat” emateko asmoarekin berrituko dute BAZeko bulegoak, Arrasateko ondare historikoa zaintzeko lanak egingo dira edota milioi erdiko aurrekontua bideratuko da Bedoñabe eta Erguingo Herri Eskoletan hobekuntzak egitera, edo haur parkeetara.
- BAZeko bulegoak berritzeko obrak - 500.000€
- Kirol azpiegiturak hobetzeko inbertsio berriak - 150.000€
- Markuleteko labea konpontzea - 40.000 €
- Portaloi eta Kontzeziñoko ateak konpontzea - 50.000 €
- Arrasateko Herri Eskoletan inbertsioak - 465.000€
- Erguineko eskolan teilatua berritzea (365.000€) eta Bedoñabeko patioa berritzeko lanak (100.000€)
- Santa Barbaran haur parke berria egitea (100.000€) eta gaur egungo haur parkeak mantentzeko eta hobetzeko (25.000€)
Berdintasuna, justizia soziala, zaintza eta parte hartzea
Politika feminista, sozialak eta parte hartzaileak “zeharka arlo guztietan txertatzeko lanean” ari direla adierazi du Eva Abuinek, Feminismoak eta LGTBI+ zinegotziak. “Arrasate herri solidarioa da, eta horrek isla dauka aurrekontuetan. Parte hartzea arlo guztietara zabaltzen hasi gara, komunikazio kanal berriak irekiz eta auzotarren parte hartzea aktibatuz. Emaitza oso positiboa izaten ari da, eta horretan sakontzen jarraituko dugu” adierazi du. Nagusien bizi kalitatea eta zaintza bermatzeko ekimenak jasotzeaz gain, zaintzaileen zaintza ere bideratuko dute, “sektore prekarizatua baita”; horretarako aholkularitza bulegoa martxan jarriko dute. Hemen Aurreikusten diren proiektu batzuk:
- Zaintza Arloko Enplegu Bulegoa martxan jartzea - 20.000€
- Zahartzaro aktiboa sustatzeko dirulaguntzak %40 handitzea - guztira 53.000€
- Iturbide egoitzako egoiliarrentzat aurrealdea egokitzea - 91.000€
- Osasun Mentalaren diagnosia egitea - 18.150€
- Etxe Feminista berriaren proiektua idaztea - 30.000€
- Emakume sortzaileen jaialdia egitea - 40.000€
- Memoria eta genealogia feminista sortzea - 20.000€
- Kooperaziora bideratutako proiektuei finantziazioa %20 handitzea
- Herritar txartela eta APPa diseinatzen hastea - 18.500€
- Ekimen komunitario parte hartzaileak - 100.000€
Arrasate jasangarri eta berde baterantz
Mugikortasun jasangarrian lehen urratsak eman badira ere, “alde batera utzi ezin den” ekinbidea dela deritzo Morrasek. Trantsizio energetiko eta ekologikoan sakontzeko honako proiektu hauek nabarmendu dituzte:
- Argiteria publikoa LED sistemara pasatzea - 500.000€
- Bidegorri sarea handitzea - 350.000€
- Bizikletaren erabilera sustatzeko aparkaleku berriak jartzea 100.000€
- Etxezarreta parkea berreskuratzeko ekintzak - 125.000€
- Baso publikoen kudeaketa plana 18.000€
- Eikadura mahaia martxan jartzea, Azoka berria diseinatzen hasteko - 10.000€
Kudeaketa gardena, efizientea eta zuhurtziazkoa
Diru sarreren berri eman du Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak. Hauen %40a Udal tributuen bitartez jasoko dela jakinarazi du, eta %44 foru fondotik. “Ordaintzen ditugun tasa eta zerga guztiak zerbitzu duinetan itzultzen zaizkigu herritar guztiei, hauekin ordaintzen baitira Arrasateko Udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak” adierazi du Ezpeletak.
Aurten, gainera,”berezitasun” bezala aipatu du Eusko Jaurlaritzak Udalari emango dion 3.600.000 €ko dirulaguntza Santa Teresako berurbanizazio obrarako egiteko.
Amaitzeko, 2024an izango den gerakinari dagokionez, “2025eko inbertsioak finanziatzea da gure helburua eta ahal izanez gero 2025ean ez zorpetzea. Erronka handi eta potoloak dauzkagu aurreikusita gure gobernu planean eta egitasmo guzti horiek gauzatzeko Udalak nahikoa gaitasun finanziero dauka. Gainera, orain arteko gerakinaren kudeaketa ez xahutzaileak, etorkizunera begira zorpetze txikia izatea bideratuko du”.