Urtarrilaren 18an ospatuko da Arrasateko XII. Zuhaitz Feria, Arrasateko Zuhaitz Egunaren harira
2025/01/10Egun seinalatua aprobetxatuz, Arrasatek, urtarrilaren 18an ospatuko du XII. Zuhaitz Feria. Arrasateko Udalak antolatuta. Arrasateko zuhaitz eguneko feria edizioz edizio egonkortzen eta indartzen joan da, urtez urte erreferentzialtasuna irabazten.
Sei mintegik hartuko dute parte ferian
Aurtengoa Zuhaitz Feriaren XII. edizioa izango da eta, ohi bezala, mintegiek Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak 08:00etatik 14:00etara, bertako produktuen azokarekin batera, hileko hirugarren zapatuan egiten dena. Aurten parte hartuko dute sei mintegi hauek: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Natura Baso Mintegia (Arrazua-Ubarrundia), Lurberry (Zarautz), Ekoudalatx (Arrasate), Euskal Herriko hazien sarea (Gasteiz) eta Murueta Mintegia (Murueta).
Bertaratzen direnek erosi ahal izango dituzte fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak, lorategiko landareak, eta basoko fruitu txikiak zigilu ekologikoarekin; gainera, bi zuhaitz sorta zozketatuko dira erosleen artean.
Hirugarren zapatuko azokarekin batera
Zuhaitz Feriaren XII. edizioak, bat egingo du beste behin bertako produktuen azokarekin. Ohikoak diren baserritar eta produktuak aurkituko dira bertan, ohiko ordutegian. Erosleek azokako produktuekin egindako otarra zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
Zuhaitz landaketa herrikoia otsailean
Zuhaitzak landatzeko garaia negua ohi denez, Zuhaitzaren Egunaren bueltan antolatzen da zuhaitz landaketa herrikoia. Aurten, egun berbera izan beharrean, otsailean zehar egingo da auzolana. Azken lau urteei jarraiki, aurten ere, Etxezarretako lur eremu zabalean egingo da landaketa. Xehetasun guztiak datozen asteetan jakinaraziko dira, herritar guztiei zabalik egongo baita izen ematea.