400 lagun inguru bildu dira “Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo” dokumentalaren estrenaldian Arrasaten

2018/05/07
Card image cap
Gaizka Urrestiren filma lehen aldiz proiektatu da jendez gainezka zegoen Amaia Antzokian. Bertan izan dira, besteak beste FAGOR-en fundatzaileak, Arrasateko alkatea, Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari, Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta EITBko zuzendaria

Arrasateko Amaia antzokia hunkituta. Ia 400 lagun bildu dira gaur bertan “Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo” dokumentalaren estreinaldia ikusteko. Gaizka Urresti zuzendaria oso pozik azaldu da eta eskerrak eman ditu filmak izandako harrera onagatik. “Lan luzearen azkeneko pausua da hauxe, eta eskerrak eman nahi ditut bide honetan nire alboan izan direnei, erakundeak, adituak eta Aita Arizmendiarrietarekin lan egin zutenei”.

Arrasateko alkatea, Maria Ubarretxena ere bertan izan da, baita Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua, Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Beatriz Artolazabal,  Lan eta Justiziako sailburua, María Jesús San José, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Markel Olano eta Fagorreko fundatzaileak, Alfonso Gorroñogoitia eta José María Ormaetxea, bai eta Luis Usatorreren alarguna den Pureza Aranzabal ere. Beraiekin, EITBko zuzendaria arrasatear Maite Iturbe; Iñigo Ucín, MCCko Kontseilu Orokorraren presidentea; Julio Gallastegi, Laboral Kutxako zuzendari nagusia; Agustín Markaide, Eroskiko zuzendaria; Kepa Junkera eta Patxi Zubizarreta, musika eta filmerako egindako abestiaren egilea; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitatearen errektorea; Asociación de Amigos de Arizmendiarrietaren presidentea, Jesús Manuel Sinde; José María Arizmendiarrietaren lehengusina, Jesús María Arizmendiarrieta; Pello Urizar legebiltzarkide; Javier Retegui; eta Juan María Otaegui Murua, José Antonio Altuna eta Miguel Lazpiur enpresariak.

Maria Ubarretxena oso kontentu azaldu da dokumentalaren ekoizpenean parte hartu izanagatik: “Arrasatek asko zor dio Arizmendiarrietari eta film hau berak herriari eginiko ekarpen handi hori eskertzeko modu bikaina dela deritzogu, bera izan baitzen gaur egun Arrasate, kooperatibismoaren arloan, mundu mailako herrialde erreferente izateko lehen urratsa egin zuena”, azaldu du Ubarretxenak.

Behin Arrasaten estreinatuta, asteburuan Bilbon, Gazteizen, Donostian, Iruñan eta beste hainbat udalerrietan ikusi ahal izango da: larunbatean 19:30 eta 22:00etan, igandean 19:30ean eta astelehenean 20:30ean izango da ikusgai filmea Arrasaten.

 

Ekoizpen independentea

Goya sariduna den Gaizka Urresti (1967) zinema zuzendari eta ekoizleak 2013an ekin zion proiektu hau garatzeari. Dokumentazio lan sakona egin eta Arizmendiarrieta ezagutu edota berarekin lan egin zuten hainbat eta hainbat lagun elkarrizketatu ostean, MCCren fundatzailearen inguruko ikuspegi pertsonala islatzen duen lana osatu du. Filma dokumental independentea da eta protagonistaren bizipenak jasotzen ditu, Fagor edota Goi Eskola Politeknikoa abian jartzeko lan egin zutenen testigantzen bitartez kontatuta. Halaber artxiboko irudi zein bideo laburrez ere baliatzen da historia hori kontatzeko.

 “Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo”, filma egiteko protagonistarekin lotura zuzena izan zuten ia 40 lagun elkarrizketatu ditu zuzendariak. Dokumentala Euskadin eta Roman filmatu da eta MCCren fundatzailea izan zenaren senitarteko, ikasle eta adituek hartu dute parte. Kepa Junkeraren laguntza ere izan du zuzendariak, hau izanik abeslariaren lehen  soinu banda zinema munduan.

Munduko talde kooperatibista handiena sortu zuen apaiza

1915ean Markinan (Bizkaia) jaioa, Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz egin eta 1941ean hasi zen Arrasateko parrokian mezetan. Garai horretan gerra osteko egoera gogorra bizi zuen Arrasatek eta lan egoerak bereziki zailak ziren. Arrasaten egin zuen parroko gisa bere ibilbidea eta hemen abiarazi zituen, herriko hainbat gazteekin elkarlanean, tokian tokiko mugimendu kooperatibista berreskuratzeko oinarriak.

Gaur egun, 60 urte geroago, Mondragon Kooperatiba lehen euskal enpresa taldea da eta egun 70.000 langile baino gehiago ditu, alor ezberdinetako 268 enpresa eta kooperatibatan banatuta. MCCren parte dira: Fagor, Eroski, Orona, Orbea, Lagun Aro, Maier, Mondragon Unibertsitatea edo Caja Laboral-Laboral Kutxa. Halaber, MCC munduko talde kooperatibista handiena da, 150 herrialdeetan baino gehiago egiten du lan eta, hain zuzen, bere lan egiteko eredu hori da, nazioarte mailan aztertu eta eredutzat hartzen dena.