365 eskuhartze azken hiru hilabetetan Udaltzaingoaren aldetik
2019/10/01Arrasateko Udalak Arrasate garatzen jarraitzeko eta arrasatearren ongizatea, segurtasuna zein bizi kalitatea bermatu eta hobetzeko helburuarekin udaltzaingoa du bidelagun.
Ildo horretan, Udalak uztailetik irailera bitartean udaltzaingoak jasotako salaketa eta egindako eskuhartze kopuruen berri eman du, haien lana indartu eta balioan jarriz. “Arrasate herri handia da eta udaltzaingoak herrian egiten duen lana ez da lan makala, ia 22.000 biztanle baikara eta lan karga handia eta mota ezberdinetakoa izan bait daiteke”, adierazi du alkateak, Maria Ubarretxenak.
Arrasateko udaltzaingoaren lan taldeak, azken hiruhilekoan, guztira 63 salaketa jaso eta 365 eskuhartze egin ditu. Salaketen kasuan, kalte materialei dagozkienak izan dira gehiengoak (27). Horiez gain, ondareari edo sozioekonomiari loturiko ebazpenak ere nagusitu dira (11). Lapurreten aurkako salaketak, aldiz, 10 izan dira.
Eskuhartzeei dagokienez, esan bezala, uztaila, abuztua eta iraila bitartean 365 zenbatu ditu udaltzaingoak. Horietatik 173 arlo administratiboari loturikoak izan dira, hala nola, animaliei, zaratei, dokumentu galerei, edota erorketei loturikoak. Beste 130 segurtasun arlokoak izan dira eta kasu honetan liskarrak edota kalte materialak nagusitu dira. Trafikoan, aldiz, guztira 44 eskuhartze egin ditu udaltzaingoak, horietatik 27 zauriturik gabeko istripuei dagozkionak.
Horiez gain, bestelako eskuhartzeak ere egin ditu, hala nola epaitegiko eginbeharrak edota Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak, azken horiek 10.
Udaletik, beraz, udaltzaingoaren lana indartu eta balioan jarri dute beste behin eta Arrasate zein arrasatearrengatik egiten duten lana eskertu dute “guztiok elkarrekin egiten baitugu lan, Arrasate hazi eta garatzea ahalbidetuz”, gehitu dute udal ordezkariek.
Udalak berriz ere Arrasateko kriminalitate datuak adierazi ditu: 19.35 / 1000 biztanleko. Aldiz Gipuzkoako batazbestekoa (32.24)koa da eta EAEkoa (40.22). Udaletik adierazi dute lana dagoela oraindik egiteke: “Herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea da Udalaren lehentasun eta lan ardatz nagusiena eta kasu honetan, etengabeko eta eguneroko lanketa sakona behar duen gaia da hori”, amaitu dute Udaletik.