Arrasateko Udalak 30.000 euro bideratuko du Bono-denda 2023 kanpaina bultzatzeko, tokiko merkataritzaren alde
2023/10/11Tokiko merkataritzak eragin zuzena du herri zein eskualde baten garapen sozio-ekonomikoan, eta ez horretan bakarrik, baita herri baten bizitasunean zein bizimoduan ere.
Horren jakitun izanik, Arrasateko Udalak apustu irmoa egiten du tokiko merkataritzaren alde, eta horri lotuta, orain ekimen bi bultzatuko ditu sektorea indartzeko, bata Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa eta bestea Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin elkarlanean.
Bono-denda 2023 kanpaina
Gezurra badirudi ere, Gabonak geroago eta gertuago ditugu, eta kontuan izanik aurretik ditugunak kontsumo handiko aste zein hilabeteak izango direla, azaroan martxan jarriko da Bono-denda 2023 kanpaina, tokiko saltoki txikiak babestu eta bultzatzeko eta, aldi berean, tokiko kontsumoa bultzatzeko.
Izan ere, Bono-denda kanpainak onura bikoitza dakar: batetik, kontsumitzaileek 30 euroko erosketa eginda 20 euro ordaintzen dute, eta, horrenbestez, 10 euroko deskontua jasotzen dute, eta, bestetik, herriko saltokietan erosiz, denda edo komertzio txikiei laguntzen diete.
Kasu honetan, guztira, 5 milioi euro banatuko dira bonuetan Euskadin, eta horietatik 1,65 milioi Gipuzkoan. Arrasateren kasuan, gainera, herriari egokitutako bono kopuruari beste 3.000 bono gehiago gehituko zaio, Arrasateko Udalak finantzatuta (30.000 euroko aurrekontuarekin).
Merkatariek urriaren 11tik 20ra arte izango dute kanpainara atxikitzeko epea. Herritarrek, halaber, azaroaren 8tik abenduaren 5a bitartean erabili ahal izango dituzte bonoak.
Informazio gehigarria jasotzeko, soporte@bonoconsumo.es edo comercio@camaragipuzkoa.com helbidera idatzi daiteke, edo 943 00 03 08 telefonora deitu.
Digitalizaziorantz urratsak emateko ikastaroa
Horrez gain, ikastaro bat eskainiko da merkatariei zuzendua, zeinak ardatz izango baititu argazkigintza eta bideogintza mugikorrak.
Ikastaroa urriaren 23an hasi eta azaroaren 22an amaituko da. 16 orduko ikastaroa izango da eta horren bitartez, parte hartzaileek ikasiko dute mugikorra erabiltzen argazkiak ateratzeko, argiztapeneko eta konposizioko oinarrizko irizpideak maneiatzen, argazki saio bat antolatzen eta argazkiak mugikorrarekin editatzen, baita ere, bideoak egin eta editatzen, eta sare sozialen ikusizko joerak ezagutzen.
Ikastaroa Kulturaten egingo da 14:00etatik 16:00etara, astelehenetik eguaztenera. Hona ikastaroaren egutegia: urriaren 23an, 25ean, 30ean eta azaroaren 6an, 8an, 13an, 20an eta 22an.
Izena emateko, bete esteka hau edo idatzi formacion@fmg.es helbidera, edo deitu 688 86 26 20 / 943 42 55 57 telefonora.