Arrasateko Udalak 28 langabe kontratatu ditu Enplegu Sustapen Planaren barruan, egokitua Covid-19ak sortutako ingurune sozio-ekonomiko berrira.

2021/01/11
Card image cap
Aurten, Covid-19aren krisia dela medio, esfortzua bikoiztu egin du udalak, kontratu kopurua handituz. 28 kontratuetatik: 8 herritarren laguntzaile, 7 baso-erreka langile, 4 lorazaintza peoi, 5 eraikin garbitzaile, 2 pintore; eta beste bi kontratu gazteen laneratzea bultzatzeko enplegu planaren barruan.

Irailean jaulkitako Enplegu Sustapen Planaren barruan, zeina egokitu baita Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko, Arrasateko Udalak 28 langabe kontratatu ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin. 417.828 euro bideratuko dira kontratazio hauek egiteko. Ekimenaren helburua da herritar langabeen laneratzea bultzatu eta erraztea, enplegu aukerak eskainiz herriaren garapen ekonomikoa zein soziala sustatzeko.

Aurten, Covid-19aren krisia dela medio, esfortzua bikoiztu egin du udalak. Kontratu kopurua handitu da:  2020-21 Enplegu Sustapen Planean 28 kontratu egingo dira (2019-20ko planean 17 kontratu egin ziren). Pertsona multzo zaurgarrienen alde egiteko, hobetsi da kualifikazio maila apaleko langabeentzako postuak eskaintzea:  peoiak, herritarren laguntzaileak…

Kontratatutako guztiak langabeak dira eta 5 hileko kontratuak izango dira. 26 kontratu izango dira lantaldeak osatzeko, eta gainerako bi kontratazioak egingo dira gazteen enplegua sustatzeko programaren bidez: turismo teknikaria eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea.

Lantaldeei dagokienez, kontratazioak horrela egin dira: 14 emakume eta 12 gizonezko. Horietatik 5 pertsona 55 urtetik gorakoak dira eta 11 DSBE prestazioaren titular edo onuradunak.

Aurten, gainera, lanpostu mota berri bi atera ditu udalak, Covid-19aren aurrean herritarrei laguntza eta arreta berezia eskaintzeko:  ‘Herritarren laguntzaileak’ eta ‘eraikin garbitzaileak’ dira horiek.

Lantaldeei dagokienez, lanpostuen ezaugarriak dira:  

  • Herritarren laguntzaileak (8): langabeen artean enplegu aukerak ematea administrazioan herritarren elkarbizitzaren inguruko gaietan laguntzeko. Egitekoak: herritarrei informazioa ematea, herritarrak artatzea, aisialdi eremuetan informazioa jaso eta herritarrei ematea, kaleko hiri altzarien egoeraren berri ematea udal zerbitzuei, udaleko zenbait dokumentu eramatea (zirkularrak, bandoak…), hezkuntza zentroetako haurrei zenbait ekintzetara laguntzea (kiroldegira, liburutegira, kultura etxera… hezkuntza zentroek eskatuta), haurrei eskolarako bidean dauden oinezkoen pasabideetan laguntzea.
  • Baso erreka langileak (6) eta taldeburua (1): erreka ertzak garbitzea eta landare inbaditzaileak errotik ateratzea. Natura bideen sarea eta natura guneen mantentzea. Eginkizunak: errekan pilatutako  zaborra atera, landare inbaditzaileen kontrola, zuhaitz landaketak eta inausketak, landa guneko lursailen sastrakak garbitu, lursailen arteko mugarriak jarri, natura bideen sarearen mantentzea, aisialdiko baratza parkearen mantentzea.
  • Lorezaintzako peoiak (4): lorategiak hobetzeko ekintzak. Zenbait hobekuntza zehatz lorategietan, edo belargune eta alkorkeetan dauden zuhaitzetan eta, baita ere, zuhaixkak dauden guneetan, lanak egitea, ondorengo mantentze lanak errazteko.
  • Eraikin garbitzaileak (5): COVID-19aren ondorioz sorturiko garbiketa behar puntual berriei aurre egitea. Eginkizunak: udal eraikinen garbiketa bereziak.
  • Pintoreak (2): hondatutako herriko hainbat altzari, seinalizazio eta bestelako elementuei erabilera bizitza luzatzea, ezohiko mantentze laneko tratamendua emanik, luzaroan erabilgarri eta txukun jarraitzeko. Eginkizunak: herrian zehar hiri altzariak, seinaleak eta udal baliabideak margotzea.

 

Covid-19aren egoerari egokitutako Udal Enplegu Planaren parte

2020-21eko Enplegu Plana 8 lerroz dago osatua, eta 665.328 euroko aurrekontua du: udalak herriko langabeak kontratatzea interes publikoko proiektuak garatzeko (417.828 €); dirulaguntzak Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko (87.500 €); Tituludun berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrientzako dirulaguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko dirulaguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekitaldiak, enplegu azoka (15.000 €); Ekintzailetzaren sustapena (23.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).