24 lagunek izena eman dute Monterron parkea herritartzeko ideia lehiaketan

2018/04/03
Card image cap
Parte hartzaileek ekainaren 12a arte izango dute haien proposamenak egin eta aurkezteko epea. Lehiaketaren helburua da aipatu parkea erdigunean integratzeko ideiak biltzea, modu honetara, espazio horren erabilera bultzatzeko.

Gaur egun Monterrongo parkea ez dago erdigunean behar bezala integratuta, parkearen sarrera, esaterako, aparkaleku eta berdegune baten atzean ezkutuan geratzen baita. Ondorioz, herritar gutxi joaten da bertara eta espazio horren erabilera nahiko mugatua gelditzen da.

Hori dela eta, parkearen egungo irisgarritasun arazoak aintzat hartuta, 2017 urte amaieran Monterron herritartzeko ideia lehiaketa abian jarri zuen Arrasateko Udalak, parkearen sarrera egokitu, espazioaren egungo erabilera bultzatu eta espazioa erdigunera zabaldu eta hurbiltzeko.  

Lehiaketa hirigintza arloko adituei (arkitektoak, ingeniariak, hirigileak, paisajistak…) zuzendu da eta guztira 24 lagunek izena eman dute. Orain, ekainaren 12a arte izango dute haien proposamenak egin eta aurkezteko.

Lehiaketaren garapena eta sariak:

Ideia lehiaketa bi fasetan garatuko da. Lehenik eta behin, jasotako lan guztiekin uztailean eta irailean erakusketa egingo da Kulturaten eta bertan, arrasatearrek, gustukoen duten proposamena bozkatzeko aukera izango dute.

Bigarren fasean, herritarren botoak aintzat hartuta, 11 lagunez osatutako epaimahaiak 5 proposamen hoberenak aukeratu eta horietako bat izendatuko dute irabazle gisa.

Sariak honakoak izango dira:

-      Irabazlea: 10.000€

-      Bigarren saria: 5.000€

-      Azken hiru finalistak: 1.000€

Erabakia hartzeko garaian epaimahaiak kontuan izango ditu, besteak beste proposamenaren bideragarritasun ekonomiko-teknikoa, inguruarekin bat egiteko duen gaitasuna, irisgarritasun maila edota parkearen egungo erabilerekin duen bateragarritasuna (jaietako karpak, txosnak…).