2025 urterako plangintza bilera egin du gaur Udal Gobernuak, “proiektuen mugarri nagusiak definitzeko”

2025/01/08
Card image cap
Hasieraz onartu berri diren aurrekontuen exekuzio plana egiteaz gain, beste proiektu askoren jarraipena planifikatu du gobernuak. Kudeaketa “efikaza eta gardena” burutzeko ezinbesteko plangintza bilera izan dela adierazi du gobernuak.

2025 urtea hastearekin batera, eta dagoeneko Udal aurrekontua hasieraz onartuta, hauek exekutatzeko urteko plangintzarako lan bilera egin du Udal Gobernuak. “Kudeaketa efikaza eta gardena burutzeko ezinbesteko plangintza bilera izan da gaurko hau” adierazi du Maider Morras alkateak, eta lan bilerak eman dituen mugarri nagusienak eman ditu ezagutzera.

Bi proiektu urbanistiko handien hasiera

Bi proiektu nagusiren hasiera izango da 2025 urte honetan: Iturripeko kiroldegia eta Amaia Antzokiko berritzea.

  • Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua idazten ari dira gaur gaurkoz, eta udazkenean izango da proiektua idatzita. Proiektua jendaurrean aurkeztuko dute, eta obrak urte amaierarako hastea aurreikusi dute.
  • Amaia Antzokiaren berritze proiektua berriz, idazteko esleipen prozesuan dago oraindik. Neguan zehar esleituko dute proiektua eta udaberrian zehar idatziko dute. Udazkenerako proiektua idatzita izatea aurreikusten du gobernuaren plangintzak, eta urte amaierarako obrak esleitzea. Plangintza honen barruan ere, Amaia Antzokia itxita egongo den bitartean alternatiben aurreikuspenak jaso dituzte. “Zinema, antzerkia, kontzertuak, zarzuela… ekimen kultural ugari jasotzen ditu Amaia Antzokiak, beraz, hauei alternatibak bilatzeko bide-orri bat markatu dugu. Besteak beste, Udalaren baliabide diren Musika Etxea edota Kulturate erabiltzeko aukera egongo da, baina baita Udalarenak ez diren beste eraikin batzuk aztertzeko aukera, hitzarmen berezien bitartez” adierazi dute.

Politika sozial eta komunitarioen urtea

2025 urteko kronograma honetan, aurretiaz lantzen hasitako hainbat proiektu sozialen emaitzak ikusten hasiko dira. Besteak beste:

  • Urtarrilean Osasun Mentalaren diagnosian sakontzeko galdetegia herriratuko da.
  • Arrasate Bizitegi-Merkatuko Tentsio Handiko Eremu bezala izendatzeko eskaera eta dokumentazioa bideratzea Eusko Jaurlaritzari udaberrian.
  • II. Bizikidetza eta Aniztasun planak abiadura handia hartuko du urtebeteko ibilbidearen ondoren, hizkuntza inklusiboan berebiziko arreta jarriz.
  • Arrasateko LGTBI+ diagnosia eta ekintza planaren emaitza ezagutuko da ekainerako.
  • Aurretiaz egin den Hezkuntza Diagnosia aurkeztuko da 2025 urteko lehen hiruhilekoan.
  • Otsailean lanketa berezia egingo da mugikorren erabileraren inguruan, Altxa Burua ekimenarekin batera.
  • Urte amaierarako Etxe Feminista berriaren proiektua idatzita izatea aurreikusten du gobernuak plangintzan.

Auzoetan hobekuntzak, eragile eta herritarrekin landuta

Berrurbanizazio lanek hartuko dute presentzia nabarmenena 2025 urteko plangintza honetan, baina, baita ere, auzoz auzoko proiektu txikiek. Bi auzoetako berrurbanizazio lanak abian dira dagoeneko, eta berriak aktibatzea aurreikusten du Udalak:

  • Santa Teresa - Doneztebe Portuko berrurbanizazio lanak udazkenean amaitzea aurreikusi ditu Udalak (urria inguruan).
  • Altamirako Jose Luis Iñarra pasealekuaren berrurbanizazio lanak abenduan amaitzea aurreikusten ditu.
  • Grupo San Juan auzoaren berrurbanizazio proiektua idazten hasiko dira urtarrilean, eta lanak udazkenean hasteko plana du Udalak.
  • Udala baserri auzoan aparkaleku berriak eta berrurbanizazio lanak egiteko aurretiazko lanak egiten arituko da lehen lauhilekoan gobernua, ondoren proiektua idazteko, eta, urte amaieran, obrak lizitatzeko. Lanak, baina, 2026ko urtarrilean hasteko aukera egon daitekeela aurreikusi dute.
  • Uribarriko berrurbanizazio proiektua berridazteko abiapuntua markatu du gobernuak udazkenerako, behin aipatutako proiektu guztiak idatzita daudenean lanean hasteko. Berridazketa honen emaitza, baina, ez da 2026a baino lehen etorriko.
  • Gorostiza auzoko igogailuaren proiektua idatziko da 2025 urtean. Horretarako, lehen sehilekoan, lehiaketara aterako du Udalak lana, eta urte amaieran idatzita egotea aurreikusten du.
  • Auzoetako proiektu txikiagoek ere presentzia izango dute urtean zehar Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantenu sailetik. Besteak beste Santa Marinako liburutegi berria egitea, Portaloiko atea berritzea, Ferixalekuko 2 igogailuak berritzea, Gorostiza eta Makatzenako estalpeen mantenua hobetzeko lanak edota San Andeseko Gaztetxokoa berritzea. Proiektu hauetako bakoitzak plangintza propioa dute, azpikontratazio ezberdinei lotuta, eta dagoeneko aktibatzen hasiak dira aipatutako sailetik. 2025 urtean zehar gauzatuko dira.

Herritarren parte hartzerako ekimenak

Herritar guztiei eragiten dieten hainbat ordenantza edo arau berrituko dira 2025 urte honetan, eta hauei ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Bestalde, herriko komertzioa suspertzeko parte hartze dinamika bat jarriko da martxan, baita ere. Honako parte hartze prozesu hauek izango dira aurten:

  • Taberna eta Jatetxeetako terrazen ordenantza idatziko da lehendabizikoz Arrasaten. Prozesua hasita bazegoen ere, lehen zirriborroa 2025 urteko lehen hilabeteetan aurkeztuko die Udalak ostalari eta herritarrei, hauen ekarpenak jaso eta behin betiko ordenantza onartzeko. Ordenantza lehen seihilekoan onartzea aurreikusi du Udalak.
  • TAO sistemaren berrikuspena egiteko auzoz-auzoko parte hartzea egingo da, bizilagunen eskaerak entzuteko, eta sistema sinpleago bat bilatzeko. Erabiltzaileek ere beraien iritziak emateko aukera izango dute. Prozesua udaberrian zehar abiaraztea aurreikusi du Udalak.
  • Arrasateren herri antolamendua definitzen duen Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) berridazteko prozesua fase berri baten sartuko da 2025 urte honetan. 2024an Mugikortasun Planarekin ekin zitzaion HAPOaren berridazketari, eta aurten etorriko dira, besteak beste, irisgarritasun unibertsalerako plana, azpiegitura berdeen plana, eraikigarritasun azterketa, genero ikuspegiaren plana eta zarataren mapa. Azken hau urtarrilean aterako da jendaurrean herritarren parte hartzerako, eta, besteak, progresiboki aterako dira urte osoan zehar.
  • Tokiko komertzioa suspertzeko parte hartze dinamika abiatuko du Udalak herriko komertzioen artean lehendabizi, eta herritarrekin ondoren. Lehen aurkezpen saioa abenduan egin zen, eta 2025eko lehen hilabete hauetan emango diote hasiera parte hartzeari.

Gobernu plana betetzeko konpromisoa

Otsailean urtebete egingo du EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek osatzen duten gobernuak ‘2023-2027 Gobernu Plana’ aurkeztu zuenetik. “Herritarrekin hartutako konpromisoa da bide-orri hori, herritarrekin sinatutako 4 urtetarako kontratua, eta hori betetzeko urtez urteko plangintzan dihardugu” adierazi du Maider Morras alkateak. Horren harira, hain zuzen, adierazi dute, urtebete honetan izandako betetze mailaren berri emango dutela udaberrira begira, eta, hau, herritarrekin partekatuko dutela.