2024ko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du Udal Gobernuak, eta exekuzio mailarekin pozik agertu da
2025/03/26
2024ko aurrekontuen likidazioa egin du Arrasateko Udalak, eta aurrekontuaren exekuzio mailarekin “pozik” agertu dira Ogasun Saileko ordezkariak. “Gerakinaren kopuru osoa 16 milioikoa bada ere, horietatik 7 milioi euro pasatxo dagoeneko konprometituta dauden proiektuetarako dira, hau da, abenduaren 31an ordaindu gabe zeuden esleipenei lotutakoak” azaldu du Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak.
Proiektu horien artean daude honako hauek:
- Altamira auzoan, Jose Luis Iñarra kaleko berrurbanizazio lanak, 2024ko udazkenean hasi zituzten lanak eta amaitu gabe daude. (1,7 milioi euro pasatxo)
- Santa Teresa - Doneztebe Portuko berrurbanizazio lanak eta bizilagunen etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak - 2024ko udazkenean hasi zituzten lanak eta amaitu gabe daude. (2,5 milioi euro inguru)
- Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua idaztea - idazketa prozesuan dago. (380.000€)
- Amaia Antzokiko proiektua idaztea - idazketa prozesuan dago. (300.000€)
- Herriko hainbat guneren asfaltatzea - enkargatuta eta lanak noiz egin itxaroten. (200.000€)
- Uarkapeko plaka fotovoltaikoak - lanak berriki amaitu dira. (111.000€)
Pozik exekuzio mailarekin
2024ko aurrekontuek exekuzio maila altua izan dutela azaldu du Ezpeleta zinegotziak, diru sarreren aurreikuspena gaindituta ere. “2024ko abenduaren 31ko datarekin, %71tik gorako exekuzio maila geneukan, eta konprometituta baina fakturatu gabe zeuden 7 milioi euroak gehituta, 2024ko exekuzio maila %84 ingurukoa izan da”.
“Aurrekontuetan jasotzen ditugun proiektu guztiak gauzatzen ahalegintzen ari gara, eta horren adierazle da exekuzio maila altua. Gure hitza betetzen dugula erakusten ari gara”.
9 milioi inguruko soberakina, etortzear dauden inbertsio handietarako
Erabili ez den metatutako diru kopuru osoa 9 milioi ingurukoa da, hein handi batean 2024 urteko diru sarrerak gainditu dituelako Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, 9 milioi hauek dagoeneko inbertsio proiektu zuzenetara bideratuta daude, izan ere, gaur gaurkoz idazten ari diren proiektuak exekutatzeko baliatuko dira. Horien artean daude:
- Iturripeko kiroldegia.
- Amaia Antzokia eraberritzea.
- Grupo San Juan auzoko berrurbanizazioa.
- Udala auzoko berrurbanizazioa.
- Gorostiza auzoko igogailuak
“Milioi askori buruz hitz egiten ari gara, eta dimentsio handiko proiektuetaz. Bost proiektu hauek gauzatzeko ezinbestekoak izango dira 9 milioi hauek” azaldu du Joseba Ezpeletak.
Udaleko finantzen egoera ona inbertsioei aurre egiteko
Ezpeletak defendatu du, egungo Udaleko finantzen egoera onak “egiten ari garen kudeaketa egokiaren adierazle” dela. “Aurrekontuetan jasota dauden proiektuak gauzatzeko beharraz gain, ezinbestekoa da aurrekontua bera zuhurtziaz kudeatzea. Datozen urteetan Arrasatearron bizi kalitatea hobetuko dituzten proiektu estrategiko garrantzitsuak aktibatuko ditugu, eta ekonomikoki prest egon behar dugu horretarako. Eta hori, arrasatear guztiok zergak ordaintzeko egiten dugun ahaleginari esker da, ongizate komunitarioa bideratzeko” azaldu du Ogasun zinegotziak.
Halaber, Ezpeletak ez du baztertu etorkizuneanmkreditua eskatu behar izatea proiektuak gauzatzeko. “Oso ohikoa da proiektu handiak gauzatzeko kredituak eskatu behar izatea, etxeko ekonomian ere gertatu ohi da, baina gaur gaurkoz Udalean ez dugu horren beharrik, hein handi batean, pilatu dugun gerakina ez dugulako gastu arruntera bideratu”.