Arrasateko Emakume Txokoak 2022ko lehen seihilekoaren programazioa aurkeztu du

2022/01/26
Card image cap
Emakume Txokoak plangintza nagusi bi lantzen jarraituko du, emakumeen ahalduntzerako, berdintasunean eragiteko eta eraldaketa feminista sustatzeko ahaleginean: Jabetze Eskola, eta egitarau orokorra. Guztira 29 ekintza programatu dira.

Arrasateko Emakume Txokoak 2022ko lehen seihilekoaren ikastaroen eta tailerren eskaintza aurkeztu du

Urtean zehar, Emakume Txokoak plangintza nagusi bi lantzen jarraituko du, emakumeen ahalduntzerako, berdintasunean eragiteko eta eraldaketa feminista sustatzeko ahaleginean: Jabetze Eskolakoa, emakumeei zuzenduta, eta egitarau orokorra herritarrak berdintasunean sentsibilizatzeko. Guztira 29 ekintza programatu dira. 

Programa berriak 2021ean arrakastatsu suertatu diren lan ildoak mantenduko ditu. Guztira 30 ikastaro-tailer eskaini ziren eta 320 emakumek hartu zuten parte. Emakume Txokotik azaldu dutenez, “orokorrean, ikastaro guztiek jaso dute parte hartzaileen aldetik balorazio oso ona, eta azpimarratzen dituzte formazioaren kalitatea, taldeetan sortutako giro ona eta konfiantzazkoa. Ikastaro gehienetan osatu ziren taldeak. Nabarmendu badaiteke ere osasuna, eta garapen pertsonala eta autonomia sustatzeko ikastaroek arrakasta handia izan dutela, beste lan ildo batzuetakoak ere, adibidez, Noka ikastaroak, Zapalduaren antzerkiak edo Terapia Versus Politika eztabaida guneak oso harrera ona izan dute”.

Jabetze Eskolaren helburua da emakumeen ahalduntze prozesuak sustatzea, parte hartze soziopolitikoa ahalbideratzeko, feminismora hurbiltzeko, sareak sortzeko. Horretarako, lanketa bat baino gehiago proposatzen dira ikastaro, tailer edo gune moduan antolatuta.

Ikastaroei eta tailerrei dagokionez, hainbat esparru hartuko dituzte: osasuna, garapen pertsonala eta autonomia, formakuntza feminista, sormena eta kultura, kulturartekotasuna eta aniztasuna…

Jabetze Eskolak alorreko profesionalek zuzendutako eta dinamizatutako formazioa eskainiko du beste behin, eta lan ildoak ikuspegi feministatik lantzen jarraituko du.

Ikastaroetan, tailerretan zein guneetan parte hartzeko, izena emateko epea urtarrilaren 31n irekiko da.

Hona hemen landuko diren gaien eta ikastaroen zerrenda:

Zenbait ikastaro osasuna, ongizatea  eta gorputza lantzeko:

  • Zoru pelbikoa indartzekoa ikastaroa;
  • Sexualitatea eta gorputz esperientzia propioa lantzeko tailerra;
  • Chi Kung ikastaroa;
  • Autoestimua lantzeko ikastaroa;
  • Mindfulness eta pintura tailerra; …..

Autonomia lantzeko:

  • Norbere lemazain: lidergoa lanean eta bizitzan lantzeko ikastaroa;
  • Hurbildu zaitez finantzetara;

Sormena, adierazpena eta kultura lantzeko, ikuspegi feministatik:

  • Zapalduen antzerkia;
  • Xilografia ikastaroa;
  • Boterea, ahizpatasuna, perreoa;
  • Rurru Mipanochian erakusketa- tailerra: Kolon aurreko Mexikon oinarritutako sexualitatearen, eta mitoen eta erritoen inguruan;
  • Arrasateko Noka ikasi eta erabiltzeko ikastaroa;
  • Egin barre! Ikastaroa, hausnarketa eta jolasa umore feministaren inguruan; …

Feminismoa(k) lantzeko eta ezagutzeko:

  • Ekonomia feminista tailerra;
  • Trans eta LGTBI estatuko lege proiektuaren inguruan hausnarketa feminista gunea;
  • Emakumeak borrokan tailerra; …

Jabetze eskolako ikastaroetan, bilatzen da lanketa pertsonalarekin batera kolektiboki antolatzea eta emakumeen artean sareak sortzea.

Helburu horri lotuta, plangintza honetan, mendi irteera pare bat ere antolatu dira, elkarrekin disfrutatzeko eta mendian autonomiaz eta segurtasunez ibiltzen laguntzeko:

  • Antzuola Arranohaitz mendi ibilbidea (maiatzaren 21ean)
  • Arantzazuko Santutegia-Enaitz (ekainaren 11n)

Aukera izango da ere kulturartekotasuna lantzeko eta emakume migratuen esperientzia ezagutzeko, gune bat baino gehiagotan, horien tartean, Tela afrikarren ikastaroan, berria izango dena.

Gune iraunkorrei dagokionez, martxan jarraitzen dute:

Irakurketa Feministen Txokoak :

5 saio izango ditu plangintza honetan. Lehena, otsailaren 24an izango da , Alaine Agirreren “X hil da” liburuaren inguruan. Irakurketa guztien zerrenda eta datak liburuxkan topatu ahal dira, eta interesik izanaz gero parte hartzeko, idatzi behar da emakumekumetxokoa@arrasate.eus helbidera.

Emakume Migratuentzako Topalekuak jarraituko du eskaintzen gune bat emakume migratuak elkar ezagutzeko, elkarrekin esperientziak partekatzeko eta tresnak eskuratzeko, migrazioa eramangarriagoa izan dadin. Horretarako, tailer berriak antolatu dira: Ker Fatou ekintzailetza esperientzia; Emakumeak borrokan, Ziurtagiri digitala lortzeko aholkularitza….

 

Informazioa edo orientazioa jasotzeko, Emakume Txokora hurbildu zaitezke, deitu edo idatzi dezakezu.

 

Egitarau orokorra:

Plangintza honetan,  Martxoak 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, tartean izango da, eta aurretik eta ondoren ere, Emakume Txokotik hainbat ekimen antolatu dituzte:

  • Guztiari hasiera emateko, ikasturte irekiera emanaldi bat antolatu dugu otsailaren 18an Emakume Txokoan. Bertan, “Nik sinisten dizut” irakurraldi kolektiboaren bideoa aurkeztuko dugu, eta “La encendida” musika-poesia emanaldia izango dugu Celeste Agüero Gonzalezekin eta Garazi Basterretxea Barearekin
  • Gogoratu aurtengo M8ko kartel lehiaketa zabalik dagoela: Feminismoa denon kontua da (bell hooks) leloarekin. (Lanak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 14ra arte)
  • Erakusketak ere izango ditugu: Martxoak 8ko kartelen erakusketa; Rurru Mipanochia artista mexikarrarena eta Irantzu Pastor Ordokiren eta Igone Mariezkurrena Fernandezen LUMINISZENTEAK argazki erakusketa
  • Umore feminista oholtzara ikuskizuna ere izango dugu, Martxoak 8aren testuinguruan: Kaitin Allende Zaldunbide, Belen Nevado Mendez  eta Beatriz Egizabal Ollokiegirekin
  • ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioan Miren Agur Meabe Plaza elkarrizketatuko du Eider Rodriguez Martinek.
  • Eta azkenik, Mari Luz Esteban Galarzaren Andrezaharraren Manifestua- aren Irakurraldi-performance-a ere izango dugu , egilearen eta Metrokoadrokakoen eskutik.

 

Egitarau osoa hemen deskargatu dezakezu.

Hemen izen emate orria duzu.