“Zer ikusi, hura egin”

2014/03/06
Card image cap
Debagoiena osoan burutuko da kanpaina, euskara familia bidez transmititzeak duen garrantzia gizarteratzeko eta guraso euskaldunak sentsibilizatzeko.

Hizkuntza baten normalizazio prozesuan erabateko garrantzia du familia bidezko transmisioak. Izan ere, hizkuntza familia bidez jasotzea da hizkuntza bat ikasteko modurik naturalena, aberatsena, eraginkorrena, errazena eta merkeena.

Egia da, guraso euskaldunek seme-alabei ia kasu gehienetan euskaraz egiten dietela, baina gehiago erabiltzen da euskara seme-alabekin norberaren belaunaldi berekoekin baino (bikotekidearekin, anaia-arrebekin, lagunekin, lankideekin...). Eta kontuan izan behar dugu norberaren harreman-sare hurbileko, familiako eta lagunarteko hizkuntzak berealdiko eragina duela hizkuntza batean komunikatzeko gaitasunean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan.

Familia da hizkuntza transmititzeko biderik nagusiena eta garrantzitsuena. Eta, era berean, bikoteak bere artean erabiltzen duen hizkuntzak definitzen du, batez ere, etxeko hizkuntza. Gainera, familian hizkuntza ikasi dutenak dira hizkuntza hori gehien ezagutzen eta erabiltzen dutenak. Beraz, euskal familietan euskara ahoz aho eta bizitasunez transmititzea oso kontuan hartu beharreko mekanismoa dugu hizkuntza planifikazioaren baitan.

Hori dela eta, Arrasateko Elkarlan Hitzarmena osatzen duten erakundeekin batera sentsibilizazio kanpaina bat prestatu zuen Euskara Zerbitzuak iaz, Arrasateko guraso euskaldunei begira. Kanpaina irailean hasi eta abenduan amaitu zen.

Orain, antzeko kanpaina bat egingo dugu Debagoieneko udalok. Kanpainaren helburua familia esparruan eragitea da, gurasoengan batez ere, beraiek baitira hizkuntza transmisioaren gakoa.  Kanpainaren helburua: Euskara familia bidez transmititzeak duen garrantzia gizarteratzea eta guraso euskaldunak sentsibilizatzea.