Gaur hasiko dugu Errekaren astea, “Ura eta erreka Debagoienean” dokumentala estreinatuz.

2014/10/08
Card image cap
Urriaren 13tik 22ra, hainbat ekintza izango dira Arrasaten. Egitaraua barruan duzue ikusgai. Urriaren 15a da erreka garbitzeko izena emateko azken eguna.

Hamar egunez, Debagoieneko Mankomunitatea osatzen dugun herriok ospatuko dugu errekaren astea. Hona hemen Arrasateko egitaraua. Bada azpimarratzeko kontu bat:  aurten lehendabiziko aldiz herri guztiok erreka egun berean garbituko dugu, urriaren 18an.

Izan ere, aurten Mankomunitatetik errekari dagokion garrantzia eman nahi zaio errekaren astean, eta debagoiendar guztion artean zabaltzea errekak gure bizimoduan duen funtzioaz, errekak zaintzearen garrantziaz. Urriaren 15a da izena emateko azken eguna: agenda21@arrasate-mondragon.net helbidera idatzita, edo 943252000 telefonora deitu eta Nerea Laspiurregatik galdetuta egin dezakezu.

URRIAREN 13AN ESTREINALDIA KULTURATEN

“Ura eta erreka Deba ibarrean” dokumentala Arrasaten estreinatuko da gaur (urriak 13). Guztira lau emanaldi egingo dira Kulturateko areto nagusian. Estreinaldia 18:30etan izango da, dokumentalaren egileen aurkezpen txiki batekin lagunduta.

Hona hemen lau emanaldien ordutegiak.

Urriaren 13an, Kulturateko Areto nagusian:

  • 18:30 Dokumentalaren aurkezpena eta estreinaldia.
  • 19:00 Gazteleraz azpititulatuta.
  • 19:30 Euskaraz
  • 20:00 Gazteleraz azpititulatuta

Dokumental honetan erakusten da gure eskualdean urak izan duen garrantzia, historian zehar eman zaizkion erabilerak (gaur egun pentsaezinak direnak): Merkantziak garraiatzeko eta, burdingintza, oihalgintza eta industrializazioan energia prozesurako besteak beste.

EUROPAKO ERREKA KUTSATUENETAKOA

Gure erreka Europako kutsatuenetakoa izatera heldu da, eman zaion erabilera masiboagatik eta inguruan eraikitako azpiegitura guztien ondorioz. Araztegiak martxan jarriz, eta herritarrek bazterretako zikinkeriak garbitzen parte hartu izanari esker, gure eskualdeko uraren egoera ekologikoa eta ibai ekosistema berreskuratuz joan gara.

Horren ondorioz, animalia eta landare gehiago dabiltza erreka ingurutan. Baina, oraindik ere, gure inguruko ibai eta errekek ahalik eta egoera naturalena eta garbiena lor dezaten lan asko dugu egiteko.

Itsasoak garbi oparitu diguna, esker onez, egoera ahalik eta onenean bueltatzea gure ezinbesteko ardura da.