“Mundutik Arrasatera eta Arrasatetik mundura” euskara erdigunean jarrita

2014/03/26
Card image cap
Kultur aniztasunaren aberastasuna azaleratzeko eta herritarron elkar ezagutza sustatzeko garatuko du Udalak egitasmoa, Ekin Emakumeak elkartearekin batera. Euskara izango da proiektu honen erdigune eta komunikazio hizkuntza.

Joan zen astelehenean, martxoak 24, aurkeztu zen “Mundutik Arrasatera eta Arrasatetik mundura”,  euskara, aniztasuna eta herritarrak biltzen dituen proiektu berria eta herritarron elkar-ezagutza sustatzea helburu duena.

Migrazio fluxu ezberdinei erantzunez, Arrasatek jatorri anitzeko pertsonei harrera egin die; hala nola, 60 eta 70. hamarkadetan industriaren garapenaren ondorioz estatu espainoletik etorritako pertsonei, baita urte batzuetatik hona, Europar Batasunetik edota munduko beste herri batzuetatik  etorritako pertsonei.

Ondorioz, Arrasatek beste euskal udalerri batzuek bezala, aldaketa etengabea izan du, kultura arteko gizarte anitza bihurtuz.  Hizkuntza, kultura, ohitura eta erlijio ezberdinak elkarrekin bizi dira gure herrian, eta Udaletik ezinbestekoa ikusten dugu elkarrenganako aitortzan oinarritutako politikak bultzatzea eta abian jartzea.

2007. urtetik aritu da Ekin elkartea etorkinentzako eta baztertze arriskuan dauden pertsonentzako harrera, orientazio eta formazio modulua eskaintzen.  2012an hasi zen Udala zerbitzu hori finantzatzen,  ikusi baitzen Arrasateko Udalak immigrazioaren inguruan egiten duenaren osagarri garrantzitsua bilakatu zela. Kontuan izan behar dugu etorkinek Arrasateko biztanleria osoaren %6a osatzen dutela.

2014. urterako zerbitzua osatzea eta hobetzea izan da Udalaren helburua; horretarako, “Mundutik Arrasatera eta Arrasatetik mundura” egitasmoa martxan jartzea erabaki da. Proiektu honek “Harrera, Orientazio eta Informazio zerbitzua”, “Auzoko” programa eta elkarren aniztasuna eta aitortza lantzeko ekintzak batzen ditu.

ELKARREKIN ANIZTASUNAREN ONURAK SUSTATUZ

Bizi dugun kultur anitzeko gizarte honetan, kultur elkartrukeak berebiziko garrantzia du gizarte aberasgarriago bat lortzeko eta bizikidetza errazteko. Horrek, gizabanakoarengan ikuspegi zabalagoa ahalbidetzen du, eta aldi berean, beste balore batzuk indartzen dira; hala nola, bestearekiko errespetua edota norberaren identitatea sendotzea.

Horretarako bultzatuko du, hain zuzen, Udalak egitasmo berri hau euskara, aniztasuna eta herritarrak bilduz. Izan ere, Euskal Herrian hizkuntza aniztasuna errealitate baten aurrean gaude. Bestalde, herritarrok, hizkuntza behar dugu elkarren artean komunikatzeko, jendartea osatzeko eta horretarako jartzen da euskara erdigunean, kohesio eta komunikazio hizkuntza gisa.

Proiektu honekin, besteak beste:

  • Euskara eta Euskal kulturari buruzko sentsibilizazio eta lehen hurbilpen kontaktua landuko da, etorkinen integrazio soziokulturala ahalbidetze aldera.
  • Beste jatorri batzuetatik datozenak, harreman-sarea areagotzea eta parte hartzea bultzatzea.
  • Hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jartzea, norberarena eta besteena aintzat hartuta.
  • Herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea eta euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzea ahalbidetzea.
  • Herritarren elkarbitza egokia sustatzea.
  • Ahalik eta herritar gehienen inplikazioa bilatzea inklusioa eman dadin.
  • Herritarren elkar ezagutza, hurbilketa egitea, aurreiritziak gainditzea eta elkarren aitortza.

 

HARRERA MODULUA ETA AUZOKO EGITASMOA

Harrera, Orientazio eta Informazio modulua jatorri desberdinetako 18 urtetik gorako pertsonei eskainiko zaie. Euskal Herriko errealitatea ezagutu nahi dutenak izan daitezke, integrazio bidean laguntza behar dutenak edota harreman berriak egin nahi dituztenak. Horrela, herrira iritsi berriekin bitartekari lana egingo da horien integrazioa errazteko asmoz. Hurbiltzen den orori, kezkak, zalantzak argituz, egoerak eskatzen duenaren arabera, zerbitzu desberdinetara bideratuz eta beharrezkoa zaien orientazio eta informazioa eskainiz. (Eskuorriak eraman).

Bestetik, eta aurrekoarekin uztarturik, Topagunetik (Euskara elkarteen federazioa) datorkigun Auzoko egitasmoa garatuko da. Dagoeneko Euskal Herri mailan geroz eta gehiago hedatzen ari da: euskaraz bizi direnen (Auzotar) eta euskaratik urrun daudenen (Auzokide) bilgune bihurtzen da Auzokoa eta, euskara da elkarbizitzarako tresna garrantzitsuena.