“Goazen soka parkera!” izan da Gesalibar auzoko haur parkea berritzeko arrasatearrek aukeratutako diseinua
2019/11/12Arrasateko haur parkeak biziberritu eta herriko haurrei jolas espazio berri eta egokiak eskaintzeko konpromisoari jarraiki, Arrasateko Udalak Gesalibar auzoko parkea berritzeko proiektuari heldu zion irailean.
Bide horretan, aipatu parkea berritzeko prozeduraren ezaugarri nagusiak onartu ostean, urrian zehar enpresei zuzenduriko lehiaketa jarri zuen abian. Gonbidatu bakoitzak bi diseinu aurkezteko aukera izan zuen, horietako bat motibo naturalez osatutakoa. Guztira 7 enpresek aurkeztu zituzten proposamenak eta horiek guztiak Kulturaten egon ziren ikusgai arrasatearrek gustukoena bozkatu zezaten.
Behin horretarako epea amaituta, eta boto guztiak zenbatuta, “Goazen soka parkera!” diseinua izan da arrasatearrek gehien bozkatu duten proiektua. Guztira 133 boto jaso ditu Udalak webgunearen eta Gesalibarko auzo elkartean eta BAZen jarritako hautestontzien bitartez eta horietatik 69 boto jaso ditu aipatu diseinuak. Parte hartu duten arrasatear gehiengoak, beraz, Sumalim empresak aurkeztutako diseinua aukeratu du Gesalibar parkea berritzeko. Aipatu behar da Sumalim enpresa haur parkeen eraikuntzan aditua den enpresa dela eta dagoeneko Munar, Zaldibar eta Nao Santiagoko parkeak biziberritu dituela Arrasaten. Oraingoan, lehiaketaren irabazle gisa, 500 euroko saria ere jasoko du.
Datozen urratsen artean, azaroan zehar, arrasatearrek aukeratutako diseinu hori oinarri hartuta esleipen publikoa deituko du Udalak parke berriaren hornitze eta instalazioa adjudikatzeko. Aipatu lanek 32.000€ko aurrekontua izango dute eta datorren urteko otsaila edo martxorako amaituta izatea aurreikusi du Udalak. Aurrerapen gisa adierazi du, bertan egongo diren jolas zein jokoak, zati batean, haur elbarriei egokituak izango direla.
Haurrentzako jolas espazio egokiak bermatzen
Arrasateko Udalak jada joan den legealdian heldu zion herriko haur parkeak berritzeko egitasmoari eta bide horretan, Gesalibarkoa berritzen eta egokitzen duen bederatzigarren jolastokia izango da. Horren aurretik guztira beste 8 parke berritu ditu, 6 auzoetan eta 2 erdigunean eta horretan inbertitu dira, hain zuzen, 1.128.668,27 euro. Horien artean Gorostiza, Makatzena eta Itxaropena parkea estai ditu eta Munar, Zaldibar, Nao Santiago edota biterikoa berritu eta egokitu ditu.