“ESKOLARA OINEZ” mugikortasun astearen barruan
2015/09/16Iaz, ikasturtean, Eskolako Agenda 21eko gaia izan zen mugikortasun iraunkorra, eta ikusi genuen ikasle asko eta asko motordun ibilgailuetan joaten direla eskolara, oso urruti bizi ez diren arren. Eta horrek sortzen du hainbat arazo, batez ere, eskolako sarrera- irteera orduetan: zarata, arriskua, kea, auto ilarak …. Gainera, ikusi genuen ere oinez ibiltzeak onura asko dituela: osasuntsua da, merkea, ariketa fisikoa egiten da, lagunekin joanez gero harremanak sendotzen dira, auzoa ezagutzen da …
Hori guztia dela eta, Arrasateko mugikortasun astearen barruan, astebetez martxan jarriko dugu eskolara oinez joateko esperientzia.
Arrasate Herri eskolako 5.mailako ikasle talde batek eman du izena esperientzia honetan parte hartzeko. Bi ibilbide egingo ditugu. Batek San Andres inguruan bizi diren ikasleak bilduko ditu eta besteak erdigunean bizi direnak. Ibilbide bakoitzak elkartzeko puntu batzuk izango ditu eta horietara hurbilduko dira ikasleak. Horrela, oinez eta lagunartean eskolarako bidea egingo dugu goizero.