Ingurumen Eskolak “Energia hiri jasangarrian” erakusketa aurkeztuko du ekainaren 5ean.
2024/05/29Eskolako 2030 Agenda proiektuaren barruan herriko ikasleek egindako lanaren emaitza da. Erakusketara bertaratzen denak ezagutu ahal izango du Arrasateko ikasleek azken bi ikasturteetan nola landu dituzten garapen iraunkorreko 11. eta 7. helburuak, alegia, hiri eta komunitate jasangarriari buruzkoa, eta energia irisgarria eta ez-kutsagarriari buruzkoa.
Erakusketak bilatzen du herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea, jasangarritasunaren arloan herrian daukagun egoeraz jabetzeko eta eraldaketaren bidean herritarrak ahalduntzeko.
Lan hau herriko ikastetxe guztietako ikasleen artean diseinatu, eraiki eta osatu dugu. Gainera, udalak eta Ingurumen Eskolak sustatu du, eta oinarrituta dago iaz herriko diagnostikoan antzemandako arazo ekosozialei aurre egiteko ikasleen artean adostu genuen Esku Hartze Planean, zeinetan egoki ikusi zen herritarrentzat kontzientziazio kanpaina egitea energia eta hiri jasangarriaren alorrean.
Aurkezpena eta lehen bisita gidatua ekainaren 5ean egingo dugu, Ingurumenaren Nazioarteko egunean, 18:30ean. Hurrengo astean, ekainaren 12an, herritarrek aukera izango dute beste bisita gidatu batera etortzeko, 18:30ean (aurrez izena emanda helbide honetan: ieskola@arrasate.eus). Azkenik, lehen hezkuntzako ikasleekin bisitak aste barruan antolatu ditugu, goizetan.
Gure erakusketaz gain, Debagoiena 2030 taldeko beste erakusketa bat ere ikusgai egongo da, eta aukera izango dugu ezagutzeko bailarako energia diagnostikoaren nondik norakoak. Gainera, ekainaren 6an (10:00-13:00) eta ekainaren 11n (16:30-20:30) Kulturaten Teknikerreko teknikari bat egongo da herritarrei aholkularitza emateko, energiarekin lotutako gaien inguruan (aldez aurretik txanda hartu behar da helbide honetan: ieskola@arrasate.eus edo telenono honetan 943 77 04 88)