“Energia argitu Kit” Arrasaten urriaren 26an; aukera ematen du norberak bere etxeko auto diagnostiko energetikoa egiteko

2023/10/24
Card image cap
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren barruan, etxean energia eraginkortasuna hobetzea eta faktura elektrikoa murriztea helburua duen kanpaina antolatu du.

Kanpainaren helburua da herritarrei beharrezko tresnak ematea etxeko energia kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko, baita irtenbideak proposatzea ere, energia eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko.

Kanpaina honela burutuko da:

  1. Azalpen tailer batekin hasiko da, "Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan", urriaren 26an, 18:00etan, Kulturaten (Jokin Zaltegi gela), etxean bertan autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, zehaztuko da zer irtenbide dagoen etxebizitzetan ohiko arazoak konpontzeko.
  2. Udalaren bitartez, interesdunei “Energia Argitu Kit” maletak banatuko zaizkie. Kit horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia gabeziak detektatzeko (aire ihesak, berokuntza erradiadoreetako galerak, ur emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua, galerak eta abar), eta proposatzen du neurri sinpleak hartzea, % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketenak. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen jakintza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute.
  3. Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte hartzaileek aukera izango dute etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin emaitzei buruzko zalantzak kontsultatzeko.

Kanpainan parte hartu gura duten herritarrek aurrez izena eman behar dute. Horretarako, bide hauek erabili daitezke:

 

  • Posta elektronikoa bidaltzea helbide honetara: argitu@gipuzkoa.eus
  • Telefono zenbaki honetara deitzea: 628 53 23 03 (astelehenetik egubakoitzera, 09:00-18:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Energia Argitu programaren helburua da tresna batzuk eskura jartzea Gipuzkoako hainbat sektoreri (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak eta abar), energiaren kontsumoa murriztea lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Horretarako, Jasangarritasun Foru Departamentuak baliabide multzo bat jartzen du lurraldeko eragileen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren webgunea eta abar. Prestakuntza eta sentsibilizazio ekintza hauek egingo dira 2023ko udazkenean:

  • Zelan egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara, zoratu barik.
  • Etxean energia aurreztu dezakezu erosotasunik galdu barik!
  • Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
  • Komunitate Energetikoak: zer diren eta zelan funtzionatzen duten.
  • Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako (Berria)

Energia Argitu da Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat. Bulego hori finantzatzen dute Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek, eta kudeatzen du Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE), Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betetzeko.