“Bizikume – Emakumeak bizikletan” proiektuaren aurkezpena
2017/09/14Irailaren 16an hasi eta 22a bitartean, Mugikortasun Astea ospatuko da Arrasaten eta egitarau zabal baten barruan, proiektu interesgarri baten aurkezpena ere egingo da irailaren 20an, asteazkena, arratsaldeko 19:00tan, Kulturateko Areto Nagusian: “Bizikume – Emakumeak bizikletan” proiektuarena hain zuzen ere.
Maiz ikusten ditugu gizonezko taldeak bizikletan ibiltzen bai errepidean edota baita mendi buelta bat ematen ere. Ez da horren ohikoa berriz, emakume taldeak ikustea. Agian, gizonezkoen talde horietan bakanen bat aurkitu ahal da, baina multzoak ikustea oso noizbehinka gertatzen da.
Proiektu hau eraldatzera dator orain arte normaltzat jo duguna. Asko eta asko dira emakumeak bizikletan ibil nahi dutenak eta gizonezkoekin irten nahi ez dutenak, gaitasun ezberdinak tarteko, lotsak tarteko edo beste zenbait arrazoi medio. Hori dela eta orain urte batzuk, Erkuden Almagro txirrindulari profesional ohiak, “Bizikume – Emakumeak bizikletan” proiektua sortu zuen, bi erruberen gainean ibiltzeko zeukan pasioa helarazteko asmoz bizikletan ibili nahi zuten beste emakume batzuei. Gutxika-gutxika emakumeak elkartzen hasi ziren, bizikletan buelta bat eman eta giro ederrean denbora bat elkar pasatzeko. Gaur egun, elkarteak 150 bazkide baino gehiago ditu eta 500 emakume baino gehiago biltzen dira Euskal Herrian talde ezberdinetan txangoak egiteko asmoz. Baina talde hauek oraingoz, Iruñea, Lizarra, Donostia, Bilbon eta Gasteizen bakarrik aurki daitezke.
Arrasate eta bere inguruan oraindik ez da mota horretako talderik sortu beraz, eta proiektu interesgarri honi gure inguruan bultzada emateko asmoz, Udaleko Kirola, Ingurumena eta Berdintasuna sailak elkar batu dira Mugikortasun astea aprobetxatuz. Ederra litzateke gure herrian eta gure herritik mota honetako talde bat sortu ahal izatea eta bertara batzea Eibar, Elgoibar, Durango, Aramaio, Eskoriatza eta beste herri guztietako emakumeak. Proiektuaren aurkezpen honek, egitasmo polit horretarako lehen harria izatea du helburu. Horregatik, Erkuden Almagro bera egongo da aurkezpenean, proiektuaren nondik norakoak erakustearekin bat bere pasioa helarazi eta emakumeak bizikleta gainean ibiltzeko talde bat eratzeko harra barneratzeko gogoarekin