‘Tlazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosa’ erakusketa ikusgai Emakume Txokoan martxoaren 31tik apirilaren 7ra
2022/03/23Arrasateko Emakume Txokoak Rurru Mipanochia artista mexikarraren ‘Tlazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosa; sexu topaketak Tlalticpac/lurrean’ erakusketa hartuko du martxoaren 31tik apirilaren 7ra bitartean. Artistaren 6 margolan egongo dira ikusgai.
Irekiera egunean, martxoaren 31n, Mipanochia artistak zuzenean murala egingo du erakusketaren baitan, eta aukera izango da artista lanean aurrez-aurre ikusteko. 16:00ak eta 20:00ak artean izango da ekitaldia.
Horrez gain, apirilaren 1ean eta 2an, tailer bana eskainiko du Emakume Txokoan. Apirilaren 2koa Emakume Migratuen Topaguneko saioa izango da. 16:00ak eta 18:00ak arteko ordutegian izango dira. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da aurrez Emakume Txokoan (emakumetxokoa@arrasate.eus / 943 79 41 39).
Rurru Mipanochiak historia, oro har, eta kultura aurre-hispanikoa, bereziki, maite eta aztertzen ditu, eta bere Jainkoak eta pertsonak ilustrazioetan tabu orotatik aske dagoen mitologia berri batean nahasten dira.
Erakutsiko dituen lanetatik abiatuta eskainiko duen tailerrean pieza bakoitza aztertuko da sinboloez eta metaforez, Mexiko aurre-kolonialeko sexualitateetan murgiltzeaz gain. Jorratuko ditu mito, errito eta kondaira batzuk, baita ere, pieza bakoitzean aurkezten diren energiak/deitasunak, cuir/transfeminista/dekolonial ikuspegi batetik.
Erakusketa eta bere inguruan antolatutako ekintzetara hurbiltzeko gonbidapena luzatu du Emakume Txokoak.